Plateruenak Zipren ospatuko den Stamp Project mintegian parte hartuko du
Euskara. Kultura. Mundura.
Durangoko Plateruena Kafe Antzokiak Stamp Project mintegian parte hartuko du apirilaren 28 eta 29an. Europako Musika Kontseiluak bultzatutako topaketa hau Nikosian (Zipre) egingo da eta Europako herrialde ezberdinetan musikaren sektorean formakuntza profesionala eta joera enpresarialak bultzatzeko lanabesak sortzea ditu helburu.
Ekintzailetza, jaialdi eta ekitaldien antolakuntza, audientzien garapena, integrazio soziala, sare lanak eta nazioarteko kooperazioa izango dira jorratuko diren gai nagusiak. Gainera, parte hartzaileek Europa mailako kontaktuak landu, kontaktu berriak sortu, giza garapenean aurrera egin eta tresna digital berriak ezagutuko dituzte.
Plateruenak eta Holandako VNPF elkarteak (Holandako musika areto eta jaialdien elkartea) Live DMA sarearen ordezkaritza lanak egingo dituzte Nikosian.
2015 urtetik Etxepare Euskal Institutuak laguntza ematen dio Kultura Live (Euskal Herriko Musika Aretoen Elkartea) elkarteari Live DMA sarean parte har dezan. Era berean, Plateruena Kultura Live elkarteko kide da.