Wiersze w mieście: Rikardo Arregi
Euskara. Kultura. Mundura.
-
20Api 202321Mai 2023Varsovia
7. Poesia Hirian (Wiersze w mieście) jaialdia Varsoviako espazio publikoan nazioarteko poesia garaikidea aurkezten duten ekintzen sorta da. Aurten zazpigarren edizioa egingo da, apirilaren 20tik maiatzaren 21era.
Aurtengo ekimenean, Rikardo Arregi euskal poeta gonbidatua izan da, Etxepare Euskal Institutuaren laguntzarekin. Arregiren ‘Zain’ obra eskainiko du jaialdiak Varsoviako kaleetan eta jaialdiko ekitaldietan, polonieraz eta euskaraz. Poesia Hirian jaialdiaren leloa ‘Break’ (atsedena) da, publizitate-etenaldien ordez poemetarako etenaldiak egongo balira, errealitatea nolakoa izango litzateke irudikatu nahi dute, munduarekiko eta besteekiko harremanen inguruko aldaketa posibleez hausnartuz.
Nazioarteko hainbat poeten lanak Varsoviako espazio publikoetan, jaialdiko webgunean eta Errumaniako Institutu Kulturaleko Varsoviajo egoitzan erakutsiko dira. Gainera, webgunean poesiak jatorrizko hizkuntzan eta polonieraz entzuteko aukera eskaintzen du ekimenak.
EUNIC
Etxepare Euskal Institutuak EUNICen duen parte-hartzeari esker, euskal poesiak ordezkaritza du Poloniako hiriburuko jaialdian.
EUNIC Europar Batasuneko Kultura Institutu Nazionalen Batasuna (European Union National Institutes for Culture) mundu osoko 100 herrialdetan 137 klusterreko sarea da, eta balio europarrak sustatzeko, ezagutza partekatzeko, tokiko bazkideen arteko elkarrizketak sustatu eta kultura-proiektu komunetan inplikatzeko plataforma gisa jarduten du.
Europako herrialdeen arteko kultur esparruko lankidetza sustatzea eta aldeaniztun kultura-egitasmo eta ekimenak eragitea du helburu EUNIC sareak. Etxepare Euskal Institutua sareko kide bilakatzeak Europar Batasuneko gainerako estatuekin zuzenean aritzeko aukera emango dio Euskadiri, eta euskal eragile eta sortzaileentzat elkarlanerako aukera berriak lortzeko bideak zabaldu.