Punto de vista jaialdiko Sail Lehiakorrean izango da aste honetan Aitor Gametxoren ´Sinfonia isil bat´

Euskara. Kultura. Mundura.

2017-03-03

Nafarroako Punto de Vista Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdia astelehenean hasi eta martxoaren 6 eta 11 bitartean burutuko da. Sail lehiakorrean, Erdialdeko Eskualdean, parte hartzeko bizkaitar zinemagile eta editore Aitor Gametxoren "Sinfonia isil bat" (Cicha Symfonia) aukeratu dute.

Hautaketa-batzordeak guztira 1.290 film ikusi ditu, 654 film luze eta 636 film labur eta horien artean Gametxoren pieza izan da aukeratua. Bizkaitarrak Donostia 2016, Europako Kultur Hiriburua, Etxepare Euskal Institutua, Wroclaw 2016 eta  Donostia Kultura bultzatzaile dituen ‘Joan etorriak’ artisten elkartrukerako programan parte hartu du.

"Sinfonia isil bat" Wrocław hiria eta bertako gor-komunitatea irudikatzea helburu duen saiakera filmikoa da. Aurreko mendeko hiri-sinfonietan «hiria» motibo errepikakorren bitartez irudikatu zuten; besteak beste, Vigo, Ruttman, Ivens eta Vertov zinemagileek. Pauso, makina eta isladak muntaketa neurtu baten bitartez uztartuz zinemaren aukerak esploratu nahi zituzten, mugimendua izanik filmon muina. Era berean, mugimendua da munduko zeinu-hizkuntza ororen esentzia. Zeinuez gain, espazioa, aurpegiko espresioa edo keinuak erabiltzen dira mezua sortzerakoan, eta, beste edozein hizkuntzatan lez, identitate kolektiboaren sorrera- eta sendotze-prozesuetan elementu gako bezala. Hirian gertatutako itzala, isla, iluntasun eta keinuek lengoaia filmikoaren inguruko gogoetara bultzatu nahi dute ikuslea, isilean, bai zinemaren, eta bai zeinu-hizkuntzaren muina den mugimenduari buruzko entsegu honetan.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu