Suns Europe - Ziztada & Rlantz
Euskara. Kultura. Mundura.
-
28Uzt 2023Udine
2023ko urriaren 13tik 28ra Suns Europe jaialdia egingo da Italiako Udine hirian eta Friuli eskualdeko beste zenbait tokitan, Etxepare Euskal Institutuaren laguntzarekin. Hizkuntza gutxituak ardatz dituela, musika eta arte eszenikoetara bideratuta dagoen jaialdia da Suns Europe. Ekitaldia aukera bat da Europako komunitate guztiak beren hizkuntza-eskubideez, eta kultura-aniztasunak ondare, eskubide eta aukera bezala duen garrantziaz jabetu daitezen.
Lehenengo kontzertuak udaran izango dira, ekainaren amaiera eta irailaren bukaera bitartean Friûleko hainbat lekutan. Horien artean, Ziztada & Rlantz talde euskaldunak kontzertua emango du uztailaren 28an (ostirala) Romans dal Lusinç eta Romans d´Isonzo-n.
Ziztada abeslaria (Irune Elgezabal, Bilbo) eta Rlantz (Erlantz Serrano, Amurrio) base ekoizlea eta ‘dub maker’-a dira taldea osatzen dutenak. Sound system munduan sartzeko grinatik hasi zen proiektua. Musika propioa sortzen dute, letra alternatiboak eta erreibindikatiboak izanik oinarri.
Friuleraz ´suns´ hitzak ´soinuak´ esan nahi du. Suns Europe 2009an sortu zen, Alpeetako komunitate gutxituen arteko topaketa gisa, baina 2015etik aurrera jaialdiaren helburua zabaldu zuten, eta jaialdia Europa osoko hizkuntza gutxituetan sortutako musikaren, arte eszenikoen, zinemaren eta literaturaren arteko elkartrukerako topagunea bihurtu zen. Musika atalak musika-ekoizpen originalenak eta berritzaileenak ikusaraztea du helburu.