Teatro Regio di Parma: Iratxe Ansa
Euskara. Kultura. Mundura.
-
17Ots 2024Parma
Iratxe Ansa eta Igor Bacovich koreografoek (Metamorphosis Dance) ‘Rhapsody in Blue´ izeneko obra berria aurkeztu dute otsailaren 17an Regio di Parma Antzokian (Parma, Italia). Fondazione Nazionale della Danza eta Fondazione Teatro Regio di Parmarekin batera ekoiztu dute, Etxepare Euskal Institutuaren laguntzarekin. Koreografia Aterballetto konpainiako dantzariek osatzen dute, guztira 20 minutuko iraupena duen emanaldian.
Koreografiaren muina ‘Rhapsody in Blue’ (George Gershwin, 1924) jazz eta musika klasikoaren arteko konposizio hibridoa da. 2024ko otsailean 100 urte bete dira konposizioa sortu zenetik, eta hori aitzakia ezin hobea izan da pieza berri hau egiteko. Koreografiak musikaren erritmoa jarraitzen du, minutu gutxitan istorio eta ideia desberdinak islatuz.
Donostiako 30. dFERIA arte eszenikoen jaialdiak Iratxe Ansaren ‘Rhapsody in Blue’ lanarekin irekiko du bere programazioa, martxoaren 10ean Victoria Eugenia Antzokian. Aterballeto Italiako dantza garaikideko konpainiarik garrantzitsuena eta bertako balletaren produkzio erakunde iraunkor nagusia da, eta Yeled, Shoot Me eta Rapsody in blue piezek osatutako programa hirukoitza aurkeztuko du dFERIAn.
Etxepare Euskal Institutua eta sortzailea
Iratxe Ansak eta Igor Bacovichek (Metamorphosis Dance) osatutako koreografo bikoteak Fondazione Nazionale della Danzak enkargatuta diseinatu du lan hau, Etxepare Euskal Institutuaren laguntzarekin. Institutuak babesletza-kontratua sinatu du Aterballettorekin, bikote koreografikoaren eta konpainiaren arteko lankidetza ahalbidetuz.