Belaunaldien arteko erreleboa eta kultur sektorearen hedapen-eremu berriak aztergai EHUko udako ikastaroetan
Euskara. Kultura. Mundura.
‘Belaunaldien arteko erreleboa eta sektorearen hedapen-eremu berriak. Ikaskuntza, berrikuntza eta kultura kudeaketaren etorkizunerako erronkak’ ikastaroa ekainaren 22an egingo da Bilbon EHUko Udako Ikastaroen baitan, eta lanbidearen egoera aztertzea du helburu. Etxepare Euskal Institutuak parte hartuko du bertan.
Egun, bi dira kultur kudeaketako profesionalek dituzten erronkak: iraganean izandako esperientzia egokitzea eta etengabe aldatzen ari den panorama batean bide berri bat irekitzea. Belaunaldi berriek aurrekoen esperientzia eta ezagutza aintzat hartzeaz gain berrikuntzari eta aldaketari heldu behar diete publiko hibrido eta aldakor bati iritsi ahal izateko. Egoera honi aurre egiteko kultura-bitartekaritzako estrategia eta programa eraginkorrenak sortzeko gakoak ezagutzeko lagungarria izango da ikastaroa.
Ikastaroan zehar kultur kudeaketako zenbait profesional izango dira hizlari. Horien artean Roberto Gómez de la Iglesia, ekonomia sortzailean aditua eta bitartekari kulturala; Pilar López Teatro Paraíso-ko zuzendaria eta Alex Aginagalde Lopez, Etxepare Euskal Institutuko kultur teknikaria.
‘Euskal kulturaren nazioartekotzea mundu digitalean: aukerak eta erronkak’ izeneko hitzaldia emango du Aginagaldek 11:30etan. Bertan, Etxepare Euskal Institutuaren helburu eta lan ildoez, iraultza digitalak ekarritako aldaketez eta euskal kultura eta sorkuntza nazioartekotzeko erronkez arituko da.
Amaitzeko, ‘¿Cómo hacer frente al aprendizaje profesional de la gestión cultural? Innovación y retos de futuro’ (‘Nola egin aurre kultura-kudeaketaren ikaskuntza profesionalari? Berrikuntza eta etorkizuneko erronkak’) izeneko mahaingurua egingo da sortzen diren galderei erantzuna eman ahal izateko eta gogoetarako bidea irekitzeko.
Programazio osoa eskuragarri dago eta matrikulazio epea irekita.