Euskal kulturaren tradizioaren eta garaikidetasunaren arteko harremana aztergai
Euskara. Kultura. Mundura.
‘Tradizioaren traizioaz?’ ikastaroa ekainaren 28an eta 29an egingo da, EHUko Udako Ikastaroak eskaintzaren baitan. Bertan, tradizioa eta sorkuntza garaikidearen arteko harremanak aztertuko dira.
Dantza, musika edota bertsolaritza gisako jarduerak ardatz hartuta, ikastaroak hainbat erpini helduko dio bi egunetan zehar, hala nola euskal sormena eta nortasuna eta sorkuntza eta kulturaren digitalizazioa.
Sortzen diren galderak erantzuteko eta gogoetak mamitzeko xedez, kulturgintza, musikagintza eta akademiako hainbat aditu, sortzaile eta ikerlari izango dira hizlari ikastaroko mahainguruetan; besteak beste, Kirmen Uribe eta Joxerra Garzia idazleak, Pantxika Telleria dantzaria, Jon Sarasua bertsolaria, Idurre Eskisabel kazetari eta antropologoa, Xabier Erkizia eta Ruper Ordorika musikariak, Eva Ferreira (EHU/UPV) eta Irene Larraza (Etxepare Euskal Institutua). Ikastaroa Iñaki Goirizelaiak (EHU/UPV) eta Jon Mayak (Kukai Dantza Elkartea) zuzentzen dute.
Etxepare Euskal Institutuak ikastaroaren programazioan parte hartuko du, euskal kulturaren sustapenerako eta proiekziorako tresna den heinean. Irene Larrazak, Institutuko zuzendariak,
‘Herri baten etorkizunerako kultur berrikuntzaren balioa’ hitzaldia eskainiko du ekainaren 29an.
Ikastaroak, dantza, musika edota bertsolaritza gisako jarduerak ardatz hartuta kulturak eta sorkuntzak euskal identitatearen eraikuntzan duen garrantziaz gogoeta sustatu nahi du. Bi eguneko hitzaldi jardunaldiz osatutako programazioa osorik eskuragarri dago eta matrikulazioa egiteko epea zabalik dago.