Urte amaiera bitartean dozena bat ekintza baino gehiago bultzatuko ditu Etxeparek euskal kultura-industriak eta sortzaileak sustatzeko

Euskara. Kultura. Mundura.

2017-09-12

Euskal kultura nazioartean zabaltzeko eta merkaturatzeko behar diren sare berriak lantzeko helburuarekin Etxepare Euskal Institutuak nazioarteko azoka profesional eta jaialdi garrantzitsuetan parte hartzen du, baita euskal enpresa eta sortzaileak foro horietan parte har dezaten bideak jarri ere.

Euskal kultura nazioartean zabaltzeko eta merkaturatzeko behar diren sare berriak lantzeko helburuarekin Etxepare Euskal Institutuak nazioarteko azoka profesional eta jaialdi garrantzitsuetan parte hartzen du, baita euskal enpresa eta sortzaileak foro horietan parte har dezaten bideak jarri ere.

Urtea amaitu bitartean, Institutuaren laguntzaz, euskal sortzaile eta enpresak 11 azoka profesionaletan eta lau jaialditan parte hartuko dute: arte eszenikoetako bi azoka (Festival Mondial de Marionnettes eta Fira Mediterrània de Manresa), lau musika azoka (Mercat de la Música Viva de Vic, Monkey Week, Womex eta BIME 2017), lau liburu azoka eta hiru literatura jaialdi (Göteborg Bokmässan, Frankfurter Buchmese, FIL Guadalajara, Miami Book Fair, Jornades de poesía en llengües peninsulars, Transpoesie eta Wroclaw Short Story Festival) eta zinea eta ikus-entzunezkoen alorreko azoka eta jaialdi bana (Mipcom eta London Spanish Film Festival).

Arte eszenikoak eta musika

Arte eszenikoak eta musikaren alorrean Charleville-Mézierès-en (Frantzia) bi urtero egiten den nazioarteko txotxongilo azoka garrantzitsuenean -Festival Mondial de Marionnettes- (irailak 16-24) ere egongo da euskal partaidetza, Tolosako Topic bertaratuko baita Etxepareren laguntzarekin programatzeko konpainiak aukeratu eta zentroa ezagutzera emateko.

Manresako Fira Mediterrània-n (urriak 5-8) aldiz Kukai Dantza i Brodas Bros, Helena Lizari eta Laida Aldaz, eta Juan Mari Beltran arituko dira.

Euskal Herrian egindako musika eskaintza ere bilduko dute hainbat topagunek Musika Bulegoak, Etxepare Euskal Institutuak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko Euskadiko Soinuak-ek bultzatutako Basque Music plataformaren bidez. Vic-eko Mercat de la Música Viva azokan (irailak 13-17) Kataluniako profesionalei EH Sonaren 2017ko edizioa aurkeztuko zaie eta Ipar Euskal Herriko Ekiza kantariak joko du. Urrian, Sevillako Monkey Week-en baitan (urriak 9-14) hiru talde arituko dira: Willis Drummond, Niña Coyote eta Chico Tornado, eta Tooth. Katowice-ko (Polonia) Womex musika azokan (urriak 25-29) offWomex atalean, Juan Mari Beltranek hartuko du parte. Eta Bilboko BIME 2017 azokan (urriak 26) Melenas eta Los Brazos taldeen emanaldiak egongo dira. Horrekin batera, euskal profesionalei zuzendutako speedmeetings saioak ere egingo da BIME pro atalean, estatuko eta nazioarteko beste profesional batzuei euren katalogoaren berri emateko helburuarekin.

Literatura

Udazkeneko liburu azoka gailenetan ere lekua izango du euskal literaturak. Göteborg Bokmässan-en (irailak 28 – urriak 1) Ixiar Rozas idazleak hainbat jardueratan parte hartuko du. Besteak beste, Beltzuria, bere azken liburua aurkeztuko du eta mahainguru batean arituko da, EUNICekin (Europako kultura institutu nazionalen sarea) elkarlanean antolatutako partaidetzan. Frankfurter Buchmese-en (urriak 11-15) Bilboko ‘Gutun Zuria’ jaialdia aurkeztuko da, Etxepare Euskal Institutuaren laguntzarekin. Miami Book Fair-en (azaroak 12-19) Yolanda Arrietak parte hartuko du eta Guadalajarako FIL-en (azaroak 25 – abenduak 3) Kirmen Uribe izango da aurten bertaratuko den euskal idazlea.

Azoka horiez gain, Bernardo Atxagak Caravansari aldizkariak Sta. Coloma de Gramenet-en antolatzen duen III Jornades de poesía en llengües peninsulars (irailak 15-16) topaketan parte hartuko du. Bestetik, EUNICekin elkarlanean Bruselan (Belgika) antolatutako Transposie jaialdian, irailaren 26an, Hizkuntzen Europako Egunarekin batera, Harkaitz Canok poesia emanaldia eskainiko du Finlandia, Txekiar Errepublika, Eslovenia eta Turkiako hainbat idazlerekin batera. Azkenik, Arantxa Iturbek bi irakurraldi eskainiko ditu Wroclaw Short Story Festival jaialdian (Polonia, urriak 5-8).

Zinea eta ikus-entzunezkoak

Azken urteetan bezala, aurten ere zenbait euskal film ikusi ahal izango dira London Spanish Film Festival (irailak 21-24) jaialdian (Erresuma Batua), Etxeparek lagundutako “euskal leihoari” esker.

Bestalde, enpresek ikus-entzunezkoen azoketan modu eraginkorrean parte hartu dezaten Etxepare Institutuak EIKEN klusterrarekin bat egiten du Basque Audiovisual standa eta katalogoa antolatzeko. Udaberrian MIPTV eta Sunny Side of the Doc azoketan esku hartu ondoren Cannesen (Frantzia) egingo den MIPCOM (urriak 16-19) azoka esanguratsua dator orain. Aurtengoan 9 izango dira bertan parte hartuko duten euskal ekoizpen etxeak.

Beste hamaika ekintza

Aipatutakoez gain beste hamaika ekintza sustatuko ditu Etxepare Euskal Institutuak datozen hilabeteotan. Hala nola, Wroclaw-n egonaldi artistikoa burutzen ari diren bi euskal artisten (Karla Tobar eta Nagore Lejarreta) erakusketa egingo da Poloniako hiri honetan burutuko den “City and Culture” nazioarteko batzarrean (irailak 21-24); Euskal Herria Sona jaialdiaren 20. edizioa ospatuko da Bartzelonan (azaroak 2-23); eta euskal kultura Akitania Berrian ezagutzera ematea helburu duen Aquitaine.eus egitasmoaren baitan erakusketa bat eta zenbait emanaldi eskainiko dira Bordelen (Frantzia).

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu