Veranos de Villa: Kukai Dantza
Euskara. Kultura. Mundura.
-
18Uzt 202319Uzt 2023Madril
Madrilgo Veranos de la Villa kultur programazioan Kukai Dantzak parte hartuko du aurten Etxepare Euskal Institutuaren laguntzarekin.
Kukai Dantzak euskal erraketista emakumezkoei omenaldia egiten dien ‘Raquetistas’ ikuskizuna eskainiko du uztailaren 18an eta 19a, Chamartineko Ikasle Egoitzan. Erraketista izandako hainbat emakumeren bizipenak eta testigantzak ekarriko ditu ikuskizun honek Kukaiko dantzarien, zuzeneko musikaren eta Ane Igartiburuk egindako narrazio baten bitartez. Obrak Madrilgo Chamberriko Jai-Alai frontoian kirolari hauek izandako presentzia gogora ekarriko du.
Sarrera doakoa izango da, eta gonbidapenak esteka honetan deskargatu daitezke.
Veranos de la Villaren 39. edizioak kontzertuz, antzezlanez, dantzaz, zarzuelaz, zirkuz, erakusketaz eta haurrentzako jardueraz betetako programazioa eskainiko du bi hilabetez. Egitarauaren barruan bi euskal konpainia izango dira aurten: Kukai Dantza eta Ttanttaka Teatroa.
Etxrepare Euskal Institutua eta jaialdia
Etxepare Euskal Institutuak bigarren urtez hitzartu du Madrilgo Udaleko Kultura, Turismo eta Kirol Sailak antolatzen duen Veranos de la Villa kultur programazioan euskal konpainien presentzia, euskal arte eszenikoen eta sortzaileen lana sustatzeko helburuz.