University of Massachusetts Amherst: William Douglas Katedra 2021

Euskara. Kultura. Mundura.

University of Massachusetts Amherst: William Douglas Katedra 2021
  • 19
    Api 2021
    23
    Api 2021
    Amherst

Apirilaren 19tik 23ra, University of Massachusetts Amherst-en, bertsolaritzari buruzko irakurketa eta seminarioak gauzatuko dira, Miren Artetxe bertsolari eta antropologoaren eskutik. Astebeteko mintegia unibertsitate horretako Euskal Kultur Ikasketak departamentuak antolatu du. COVID 19-aren ondoriozko egoera dela eta, internet bidez egingo da.

Ikasleek, Francoren erregimenaren amaieratik gaur egun arte bertsolaritzan egindako ibilbidea aztertuko dute, eta diziplina honek azken hamarkadetan izandako biziberritzeari buruzko irakurketak ere burutuko dituzte. Gainera, ‘Bertsolari’ dokumentala ikusiko dute eta mintegi birtuala egingo da Miren Artetxe doktorearekin. Mintegi horrek emakumeek arte mota horretan duten parte-hartze gero eta handiagoaz hitz egingo du, bai eta Ipar Euskal Herriko gazteek bertso-eskolaz hitz egiteko duten tokiaz ere.

Esan bezala, bertsolaritzak azken hamarkadetan izan duen bilakaera izango dute ardatz. Landa eremutik espazio urbano edo hiritar baterako trantsizioa nola gauzatu den  edota gizonezkoena zen espazioa nola bilakatu den espazio mixto izango dute hizpide.

Bestalde, apirilaren 22an irakurketa berezi bat egingo da: ‘Basque Female Improvisational Poets: An auto-ethnographic perspective’. Irakurketa horretan emakumeak bertsolaritzan izan duen garrantzia landuko da.

Miren Artetxe bertsolaria eta Antropologian doktorea da. 2019an bukatu zuen bere doktorego tesia Euskal Herriko Unibertsitatean, ‘Ipar Euskal Herriko Bertso-Eskoletako Gazteen Hizkuntza Ibilbideak’ izenekoa. ‘Hiztun Berriak eta Bertso Mundua’ eta ‘Nouveaux locuteurs et milieu du bertsolarisme: Légitimation et remise en question’ artikuluen autorea ere bada.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu