Yaroslav Gúbarev-ek irabazi du 2017ko Etxepare-LABORAL Kutxa Itzulpen Saria
Euskara. Kultura. Mundura.
Yaroslav Gúbarev (Pyratyn, 1991) irakasle eta itzultzaile ukrainarrak irabazi du Etxepare – LABORAL Kutxa Itzulpen Sariaren hirugarren edizioa Bernardo Atxagaren ‘Behi euskaldun baten memoriak’ eleberriaren ukrainerara eginiko itzulpenari esker.
Yaroslav Gúbarev (Pyratyn, 1991) irakasle eta itzultzaile ukrainarrak irabazi du Etxepare – LABORAL Kutxa Itzulpen Sariaren hirugarren edizioa Bernardo Atxagaren ‘Behi euskaldun baten memoriak’ eleberriaren ukrainerara eginiko itzulpenari esker. Epaimahaiak itzulpenaren kalitatea bera eta argitaletxearen sustapen plangintza aintzat hartu ditu erabakia hartzerakoan. Itzulpenari dagokionez, “lexiko aberatsa” erabiltzeaz gain, protagonistaren esaerak itzultzeko irtenbide “irudimentsu eta eleganteak” baliatzen dituela eta “jatorrizko lanean dagoen umorea itzulpenean ere mantentzen duela” azpimarratu du. Sariketara aurkeztutako lau itzulpenak “oso onak” izaki, batzuen eta besteen artean izandako aldea “sustapenaren ingurukoa” izan da, “Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo sustapenari garrantzia berezia emanez”.
Aurtengoan lehenengo aldiz saritu da zuzenean euskaratik egin ez den itzulpen bat. Epaimahaiaren hitzetan, hau bera “errealitatearen erakusgarri da”, itzulpen zuzena lehenetsi arren “askotan zubi-hizkuntzen bidez” iritsiko baita euskarazko literatura merkatu berrietara.
Epaimahaia, oraingoan, ondorengo adituok osatu dute: Inaxio Garro, LABORAL Kutxako Euskara arduraduna; Irene Larraza, Etxepare Euskal Institutuko Kultura Sustatu eta Hedatzeko zuzendaria; Nami Kaneko, itzultzailea eta iazko irabazlea;Xabi Paya, itzultzailea eta kultur kudeatzailea; eta Elizabete Manterola, itzultzailea eta EIZIEko kidea.
Euskal literaturara hurbiltzeko aukera
Sarituak pozik jaso du berria. “Atxagaren liburua itzultzea esperientzia berria eta zirraragarria izan da, eta Euskal Herriko literatura, historia eta kultura hobeto ezagutzeko aukera eskaini dit”, adierazi du Gúbarev-ek. Era berean, argitaratu eta gutxira liburuak “jarraitzaile asko” lortu duela esan du. Gúbarev irakaslea da Donetsk-eko Unibertsitate Nazionaleko Atzerriko Hizkuntzen Fakultatean eta itzulpen lan ugari egindakoa da. Besteak beste, Juan Manuel Marcos idazle paraguaiarraren ‘El invierno de Gunter’ edo Clarice Lispector brasildarraren ‘A hora da Esterela’ liburuak itzuli ditu ukrainerara.
Anetta Antonenko, izen bereko argitaletxeko zuzendariarentzat berriz “ohore bat” izan da saria jasotzea. “Beti interesatu izan zait kalitatezko literatura. Nire lana idazle onak aurkitu eta haien liburuak ukraineraz argitaratzea da. ‘Behi euskaldun baten memoriak’ argitaratzeaz harro nago. Ukrainarrek Atxagaren literatura ezagutzeko eta euskalduna bezalako kultura aberats batera hurbiltzeko aukera izango dute”, adierazi du. Literatura garaikide ukrainarra eta atzerriko literatura garaikidea argitaratzen ditu etxe honek. Filosofo eta politologo ezagunen liburuez gain, Octavio Paz, Julio Cortazar, edota Isabel Allende bezalako egileen lanak eman ditu argitara.
Gúbarev eta Antonenkok 4.000 euroko saria partekatuko dute erdibana, eta 2.000 euroko laguntza jasoko dute Ukrainian liburuaren sustapen lanarekin jarraitzeko.
Bestalde, Bernardo Atxaga liburuaren egilearentzat ere “oso pozgarria da” itzulpen honi esker “beste irakurle batzuengana iristeko aukera izatea”, orain arte ez baita bere libururik itzuli ukrainerara. “Orain arte nire liburuak dauden tokietatik beti iritsi izan zait seinaleren bat. Zain geratzen naiz ea noiz iritsiko zaidan Ukrainako irakurleren baten gutuna”, esan du.
Etxepare – LABORAL Kutxa Saria
Miren Arzalluz, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariaren hitzetan, “Etxeparerentzat estrategikoa da itzulpengintza sustatzea, euskal literaturaren eta beste herrialdeen artean zubiak eraikitzeko”. Horregatik sortu zuten 2015 urtean sari hau Etxepare eta LABORAL Kutxak, jatorriz euskaraz idatzi eta argitaratutako literatura lan bat saritzeko asmoz, euskararen eremu geografikotik kanpo, euskaraz idatzitako literaturaren itzulpengintza eta argitaratzea sustatzea xede. Lehen edizioan Isaac Xubinek irabazi zuen saria Joseba Sarrionandiaren poemak biltzen dituen ‘Tempo de exilio’ (Kalandraka argitalexea) lanagatik eta iaz Nami Kaneko izan zen saritua Kirmen Uriberen ‘Mussche’-ren japonierazko itzulpenari esker (Hakusuisha argitaletxea).