ZABAL - Skulptur Projekte Münster

2025/10/10

Euskara. Kultura. Mundura.

Skulptur Projekte Münster 2027ko talde kuratorialeko kide den Vicent Schier komisario alemaniarra Euskal Herrian da egunotan, bertako testuinguru artistikoa, eragileak, espazioak, proiektuak eta sorkuntza garaikideko ereduak bertatik bertara ezagutzeko helburuarekin. Bere egonaldia Etxepare Euskal Institutuak bultzatutako ZABAL nazioartekotze-programaren baitan kokatzen da, artearen arloko nazioarteko profesionalen eta euskal eszenaren arteko harreman zuzena sustatzea xede duen egitasmoa.

Skulptur Projekte Münster Europako erakusketa-proiektu esanguratsuenetako bat da arte publikoaren eta eskulturaren esparruan. 1977tik hamar urtean behin Alemaniako Münster hirian egiten da, eta hiriaren espazio fisikoa esperimentazio artistikorako eszenatoki zabal bihurtzen du, nazioarteko artistak hiriko hainbat gunetan esku hartzera gonbidatuz. Hurrengo edizioa 2027an izango da, eta zuzendaritza artistikoa WHW (What, How & for Whom) kolektibo kuratorial kroaziarraren esku egongo da, Ivet Ćurlin, Nataša Ilić eta Sabina Sabolović-ek osatua. Vincent Schier komisarioa WHSk osatu duen lantaldeko kide da, eta proiektuaren garapen kontzeptual eta artistikoan dihardu.

Egonaldian zehar, urriaren 8tik 11ra bitarte, Vicent Schierrek Bilbo, Donostia eta Gasteiz bisitatu ditu, euskal testuinguru artistikoa hobeto ezagutzeko asmoz. Bere ibilbidean, Bilboko Arte Ederren Museoa, Artium Museoa, Tabakalera, Guggenheim Bilbao Museoa eta Etxepare Euskal Institutua ezagutu ditu, besteak beste, eta Skulptur Projekte Münster 2027ko komisario-taldearen interesekin bat datozen praktika artistikoak dituzten artista eta kolektiboekin elkartu da.

Schierren bisitak euskal sortzaileen lana nazioarteko lehen mailako foro batean ikusgai jartzeko eta etorkizunean Skulptur Projekte Münster-ekin lankidetzak abiatzeko aukerak zabaltzen ditu. Era berean, honakoa bezalako ekintzekin, Etxepare Euskal Institutuak ZABAL programa sendotzen jarraitzen du euskal eta nazioarteko testuinguru artistikoen arteko lotura iraunkorrak ehuntzeko, eta arte garaikidearen mapa globalean euskal arte-sistemaren posizionamendua indartzeko plataforma estrategiko gisa.

WHW kolektiboak bere lanaren ardatz nagusi bezala eskultura, instalazioa eta performance-a ditu, nahiz eta interes aktiboa mantentzen duen adierazpide eta arte-hizkuntza guztiekiko. Bere ikuspegia eskulturaren kontzeptua etengabe eraldatzen ari dela ulertzetik abiatzen da, eta horrek ekarri du bere praktika artistikoan formatu efimeroak eta izaera parte-hartzailea duten proiektuak modu zentralean txertatzea.

Arteak espazio publikoan izan dezakeen botere demokratikoan sinesten du, eta norabide horretan garatzen du bere jarduera kuratoriala. Gaur egun, eta bere ikerketa-lanen baitan, iraunkortasun sozial eta ekologikoa, landa- eta hiri-eremuen arteko harremanak, parte-hartzea, eta espazio digitalen aukera artistikoak dira bere ardatz nagusietako batzuk.

Skulptur Projekte Münster

Skulptur Projekte Münster-ek ikuspegi berezia du artearen eta espazio publikoaren arteko harreman anbibalentea aztertzeko. Horretarako, gune jakinei erantzuten dieten eta testuinguru urbanora egokitzen diren lan espezifikoak enkargatzen ditu, publikoaren parte-hartze aktiboa sustatuz. Edizio bakoitzean, proposatutako lanek lurraldearen gaineko irakurketa berriak irekitzen dituzte, pentsamendu kritikoa sustatzen dute eta biztanleek nahiz bisitariek ingurunearekin duten harremana birkonfiguratzen dute. Sorkuntzaren, paisaiaren eta hiritarren arteko elkarreragin hori da proiektuaren ardatz nagusietako bat, eta hain zuzen ere, 2027an berriz ere Münster arte garaikidearen erreferentziazko laborategi bihurtuko duena.

Artearen munduko ekitaldi garrantzitsuenetako bat bihurtuta, Skulptur Projekte Münster-ek formatu berezi bat du —iraunaldi luzea eta espazio publikoan jartzen duen arreta—, eta horri esker, eskultura garaikidearen egoeraren argazki esanguratsua eskaintzeaz gain, espazio partekatuetan artea sortzeko eta esperimentatzeko moduari buruzko diskurtso kritikoa eraikitzea ahalbidetzen du.

ZABAL programa

Vicent Schierrek Euskal Herrira egindako bisita ZABAL programaren baitan kokatzen da, Etxepare Euskal Institutuak euskal sorkuntza garaikidearen nazioarteko proiekzioa indartzeko eta euskal arte-esparruaren eta nazioarteko testuinguruaren arteko loturak estutzeko helburuz sustatutako egitasmoa. Arte garaikidearen inguruko proiektu lokal eta nazioartekoen kudeaketan lan egiten duen Artingenium-en laguntza teknikoa du programak. ZABALen bidez, Etxepare Euskal Institutuak aldizka gonbidatzen ditu komisarioak, arte-kritikariak eta erakunde kulturaletako arduradunak, euskal artearen testuingurua bertatik bertara ezagutu dezaten, eta sortzaileekin eta sektoreko eragileekin harreman zuzena eraikitzeko aukera izan dezaten.

ZABAL programaren bidez, nazioarteko sareak garatzen dira, euskal sortzaileen, profesionalen, erakundeen eta kultura-egituretako beste eragile batzuen arteko epe luzera begirako trukea eta lankidetza iraunkorra sustatu eta errazteko. Halaber, egitasmo honen bidez, Etxepare Euskal Institutuak arte garaikidearen nazioarteko erakusketa nagusiekin lankidetza lerro egonkorrak sustatzen ditu.

2019an abian jarri zenetik, ZABAL programak nazioarteko arte garaikideko topagune esanguratsuenetako batzuekin lankidetza ahalbidetu du —hala nola São Pauloko Bienala, Documenta Fifteen, Shanghaiko Bienala, Veneziako Bienala, Istanbulgo Bienala eta Sydneyko Bienala—, euskal artearen nazioarteko zabalkundean eta proiekzioan eragin nabarmena izan duelarik.

 

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu
?>