Nagore Legarreta: “Oraindik ere kosta egiten da argazkigintza diziplina artistiko gisa ulertzea”

2025/09/24

Buenos Aireseko MUNTREF Arte Garaikideko Zentroan ´Ibaia ez da toki bat´ bilduma aurkeztu ondotik, ibaiaren ur-azaleko isil-gordeak azaldu dizkigu Nagore Legarreta argazkilariak.

Euskara. Kultura. Mundura.

Nagore Legarreta

Nolatan iritsi zinen argazkigintzara eta zerk erakarri zintuen gehien medio honetara? Nolakoa izan zen bidea fotokazetaritzatik esperimentalagoa den argazkigintzara?

Esango nuke betidanik izan dudala jarrera sortzailea, txiki-txikitatik. Jarrera hori diziplina artistiko bati lotu eta horrekin modu jarraituan lantzea, ikertzea eta horrekiko konpromisoa hartzea 2000. hamarkada hasieran etorri zitzaidan. Hernaniko Argazkilari Elkartea sortze bidean zen orduan eta, bertan, argazkilaritza estenopeikoari buruzko ikastaroa eskaini zuen Alberto Gago argazkizaleak. Argazkilaritza estenopeikoak eman zitzakeen aukerez, teknikaz eta hainbat argazkilari estenopeikoren lanaz hitz egin zigun. Une horretantxe sentitu nuen horixe zela egin nahi nuena, eta ikerketa-bide horri lerratu natzaio gaur egun arte. Orain ez dut bakar-bakarrik argazkilaritza estenopeikoa lantzen, baina momentu hartan abiarazle moduko bat izan zen ordukoa.

Zertan oinarritzen da argazkigintza estenopeikoa? Zerk harrapatu zintuen teknika horretatik, eta zein modutan elikatzen du teknika horrek istorioak kontatzeko duzun era?

Argazkilaritza estenopeikoa objektiborik ez duen argazki kamera bat da. Alegia, argia, lente ezberdinez osatutako mekanismo batetatik zehar (objektiboa) sartu beharrean kamera barrura, kamerari egiten zaion zulo txiki batetatik sartzen da. Kamera barnealdera sartzen den argi izpi hori, eta argi horrek berekin dakarren irudia, jasotzen du kamera barruan dagoen material fotosentikor batek. Kamera estenopeikoetan erabiltzen duguna zera da: argazki-papera, pelikula, erradiografiak…. Finean, argia jasotzeko gai den edozein azalera.

Argazki kamera estenopeiko eginak saltzen dituzten arren, hasieran batean nabarmen erakarri ninduten kamerak baliabide gutxirekin eraikitzeko aukerek, edozein tapadun ontzirekin sortu baitaiteke kamera bat, baita poxpolo kutxa batekin ere. Gauza ezberdin ugarirekin sortu dira kamerak: zapata kaxekin, piper gorriekin, eta abar. Kamera bakoitzak argazkiak sortzeko modu bat eskainiko dizu, halako efektu bat, eta jolasteko aukera izugarria da. Zer esan norberak kamera bat sortu izanaren satisfakzio sentsazioaz! Teknika zeharo irisgarria da: kamerarik ez izatetik, kamera bat izatera pasa zaitezke, ordu pare baten buruan. Halere, egia da egunetik egunera argazkilaritza analogikoko materiala asko ari dela garestitzen. Ni hasiberri nintzen garaietan, dena merkeagoa zen.

Estenopeikoarekin lan egiteak zoriaren bidearekin bat egitea dakar. Ekintza, zoria, inprobisazioa eta lana izan dira nire kasuan proiektu askoren aktibatzaile. Bide horretan gauzak etorri dira, eta interesgarri iruditu zaizkidan bide horietan sakondu dut, harik eta proiektuetan zehaztu diren arte. Alegia, kontakizun edo istorioren batean. Teknikak aukera eman dit niretzat estimulantea eta erakargarria zaidan moduan sortzeko. 

´Ibaia ez da toki bat´, Nagore Legarreta

‘Ibaia ez da toki bat’ proiektuan ibaia bera da protagonista. Azaldu iezaguzu, nolakoa da ibaira jaisten zareneko prozedura artistikoa?  

‘Ibaia ez da toki bat’ geure burua ibaiaren tokian jartzeko ariketatik sortu zen. Ibaiak gu nola ikusten gaituen antzemateko, argazkiak ibaiaren ikuspegitik egiten hasi nintzen. Urumea ibaiean hasi nintzen, huraxe delako “nire” ibaia. Pentsatu nuen ibaiak zibilizazioari argazkiak egingo balizkio, ibaiak nola ikusten gaituen irudika nezakeela. Hortaz, kameraren ikuspegia urazalean kokatu nuen, zibilizazioari begira, ur ertzean gertatzen zenari beha. Horretarako, argazki-kamera tripode bati lotu eta esposizio luzeak hartu nituen. Ariketa hura 2015an hasi nuen, Cristina Enea fundazioak abian jarritako ekintza artistiko bat egiteko deialdi bati esker, beste hainbat sortzailerekin. ‘Ibaia ez da toki bat’ esaldia Iñaki Segurola idazle zenari hartu nion. Erdietsitako emaitzak interesgarriak iruditu zitzaizkidanez, begirada hori lantzen jarraitzeko gogoa sentitu dut gaurdaino.

Urumeaz gain, bestelako ur-emarietan ere murgildu zara, hala nola, Polonian, Kuban, Argentinan. Zer nolako antzekotasun eta ezberdintasunak antzeman dituzu elkarren artean?

Urumean hasitako lana beste ibai batzuetara estrapolatzeko ariketa egin dut azken urteotan, eta, hala, Odra ibaia landu nuen Polonian, bi hilabetez han nengoela. Harrera ona izan zuten bertan hartutako argazkiek. Bide horri ekiteko gogoz, beste ibai batzuk etorri dira jarraian, besteak beste, Almendares (Habana), Ebro, Nerbioi, Casamance (Senegal), Rio de la Plata (Buenos Aires), Riachuelo-Matanzas (Buenos Aires), Lujan (El Tigre, Buenos Aires).

Ibai horietan jardunda konturatu naiz ibai bakoitzak baduela ikuspuntu oso berezi eta indartsu bat, hiri, giza-antolakuntza eta logika ezberdinak behatzeko. Ibai ondora gerturatu naizenetan beti topatu dut ibaia maite zuenik, ibaira bidea erakutsi nahi izan didanik, norbere ibaia. Eta hitz eginez ulertzen joan naiz toki bakoitzeko uneko panorama eta historia. Ibaiei lotuta daude zibilizazio gisa zeharkatzen gaituzten gai oso indartsuak. Ekonomikoki, ibaia izan da garraiobide, industrialdeen kokaleku, zabortegi, ur-iturri; sozialki, ibaien bidez banatu izan dira klase sozialak. Ibai ertzetan bizi dira, hain zuzen ere, gizarte antolakuntza ezberdinetako baztertuak, ezkutaleku gisa darabiltenak, eta ibaiei lotuta daude historia eta biolentzia, hildakoak eta desagertuak, are elikadura, arrantza, baratzeak ere eremu oparoak ere. Baita biodibertsitatea eta tokian tokiko ekosistema ere, besteak beste. Hori guztia aztertzeko toki zoragarria da ibaia. Eta bitartean bainutxo bat hartzerik baduzu, zer esanik ez. Nahiz horietako asko kutsatuak diren. 

´Ibaia ez da toki bat´, Nagore Legarreta

‘Ibaia ez da toki bat’ lanaren aurretik beste hainbat proiektu burutu dituzu, esaterako, Indian izan zara, besteak beste, poxpolo-kutxaz ekoitzitako kamera batekin.

Teknika estenopeikoarekin proiektu ezberdinak garatu ditut. 2013-2017 urteen artean Indiara bidaiak antolatu genituen, argazkizaleekin. Ez nuen nire burua auskalo zenbat mila euroko kamerarekin jendearen muturren pare klisk egiten ikusten.  Eta horregatik, ikertzeari ekin nion eta jabetu nintzen argazki kamera poxpolo kutxa batekin eraiki zitekeela, pelikula erabilita. Ordura arte, ontziekin ondutako kamerekin aritu nintzen, argazki-papera banan-banan aldatuta. Poxpolo kutxa eta pelikulak argazki bat baino gehiago ateratzeko aukera ematen zidaten, segidan.  

Indiarako bidaietan hautemandakoa ‘Ibaia ez da toki bat’ lanean jaso dut, oso modu inpresionista eta librean, eta poliki-poliki. Hasieran argazki batzuk besterik ez ziren, baina sakontzen joan naizen neurrian, zertan ari nintzen ulertzen joan naiz. 2024ko azaroan ‘Suzko Irudiak’ argazki-liburua argitaratu zen, proiekturako propio sortu zen soinu-banda batekin, eta Indiako poxpolo-kutxen estetikarekin, Ramon Zabalegik eginiko azaleko ilustrazioekin.

Argazkigintza estenopeikoari dagokionez, tailer eta ikastaroak eskaini dituzu munduan zehar. Zeregin horrek nola eragiten duzu lan artistikoan?

Niretzat, tailerrak dinamizatzea sortzea ere bada. Eta askotan, zeure kabuz edo zerorrek bakarrik egiten duzun hausnarketa, bat-batean modu kolektiboan gauzatzen duzu saio horietan. Nik behar dut bakarrik lan egin, baina baita modu kolektiboan ere. Tailerrok nik lantzen dudan diziplina bera lantzen duten edo landu nahi duten pertsonekin harremantzeko modua ere bada. Asko jasotzen dut lan-saiootatik, prestakuntzatik eta ikastetik asko baitute. Baina ikaragarri ikasten dut jendeak dakarren horrekin ere. Eta norberak dakarrena taldean bideratu egiten da. Irakaspen horiek guztiak nigan sortzaile gisa eragina dute, eta, ondorioz, nire lanean. 

´Ibaia ez da toki bat´, Nagore Legarreta

Zure sorkuntza-lanean, zenbat dago inprobisaziotik, zenbat aurreikuspenetik?

Nire lana bi alde horien arteko negoziaketa bat da: zikin-brillo. “Zikinbrillo”, txikitan gauzak egiteko neukan moduari aitak jarri zion izena da. Orain, korronte estetiko bihurtu dugu kasik. Lan egiteko molde horretan zoriari parte hartzen uzten zaio prozesuaren alde batzuetan. “Zoria da dagoen diseinatzailerik onena”, lagun batek esana. Eta neurri batean halaxe da, gure burua oso laua izan baitaiteke gauzak diseinatzerakoan. Niri ez zait batere gustatzen, den-dena oso lotua dudala, sormen-prozesu bat abiatzea, igartzen baitut zerbait kamustua dela. Aitzitik, zoriarekin borrokan ibiltzetik gauzak sortzen dira, espero ez zenituenak, eta orduan prozesuak ekarri dizun horrekin adiskidetzeko unea iristen da, nolabait eraikitako zurrunbiloa da emaitza. Eta orduan sartzen da aurreikuspena, erabakia, diseinua, orrazketa, nolabait hasieran zeneukan planteamendua prozesu hori igaro ondorenekoarekin harremanetan jartzea. Eta negoziaketa horretatik sortzen da emaitza bat, prozesu horrek iraun bitartean sortutako tentsioaren isla, zikinbrilloa

Euskal arteari buruz gehiago jakin nahi duzu? Deskargatu doan liburu hau.

Euskal Herrian, zein dira zure ustez argazkigintza garaikidearen aukera eta traba nagusiak ikusizko arteen sektorean?

Argazkilaritzari dagokionez, oraindik oso berde gaude, eta zer esanik ez argazkilaritza garaikideari gagozkiola. Ez da Euskal Herrian soilik gertatzen den fenomenoa, eta argazkilaritza ez da egoera horretan dagoen diziplina bakarra (dantza garaikidea datorkit burura, performancea…). Esanguratsua da badaudela literatur sariak, ilustrazio sariak, arte plastikoetako sariak eta abar, baina argazkilaritzan ez daukagu halakorik gurean. Argazkilaritza Euskal Herrian oso lotuta egon da prentsara, baita beste lurralde askotan ere; oraindik ere jendeari kosta egiten zaio argazkilaritza diziplina artistiko batekin lotzea. Zorionez badaude horrelakoak garatzeko espazioak: San Telmo museoan dagoen Gabriela Cendoya argazki-liburu bilduma,  argazkilaritza garaikidearen inguruan sortzen ditugun lantegi, eskola eta espazio ezberdinak, hala nola, IN SITU Art jaialdia Gasteizen, Dinamoa Azpeitian, Black Kamera, IVASFOT, Txondorra elkarteko Jolasartea, Tabakalerako Artegunean egiten diren erakusketak: argazkilaritza garaikidearen munduan lanean gabiltzan jende guztiaren lana… Eta aipatu gabe utzi ditudan beste hainbat ekimen.

Azkenik, etorkizunera begira, ze beste lurralde ezezagun eta teknika uztartu nahiko zenituzke hurrengo proiektuetan?

Azkenaldian, ibaiei lotutako produkzio estenopeikoaz gain, eskuzkoak diren beste teknika batzuekin ere banabil sorkuntza lanetan. Irudi zehatzagoak ematen dituzten kamerak darabilzkit ziurrenik, baina gero positibatzerako garaian manipulazio eta interbentzioarekin jolasten dihardut, gauzak kontatzeko. Estenopeikoak eta egin dudan ibilbideak hizkuntza eta estilo bat garatzeko aukera eman dit, baina orain sentitzen dut irudiaren beste eremu batzuetara aplika dezakedala. Oso pozik nabil enkarguen eremuan ere, niretzat erronka ederra delako, beste pertsona batek nigan txertatzen duen estimulu batetik erantzutea, nire iruditegi propioa erabilita. Elkarketa hori asko gustatzen zait, gauza berriak sortzeko eremu oparoa baita.

Lan kolektiboari dagokionez, espazioak sortzea gustatuko litzaidake, zertarako eta argazkilaritzaren ikuspegi gaurkotu eta freskoago baten inguruan lan egiteko, lantegi eta laborategi ezberdinen bitartez. Gure kontakizunak sortzeko, gure ikuspegitik, hori guztia euskaraz ere gerta dadin bermatuz. Azken urte hauetan horretan ere banabil, eta bide horretan sakontzen jarraitu nahi nuke, aliatuak eta baliabideak bilatu, hau guztia modu duinean gauza dadin. 

Nagore Legarreta, ´Ibaia ez da toki bat´, UNTREF Media

Etxepare Euskal Institutua eta sortzailea

Bitaminek kudeatzen duen EAS-EZE programaren helburua euskal arte garaikidearen nazioartekotzea da, ikerkuntza eta ekoizpena sustatu eta sortzaile eta artisten nazioarteko mugikortasuna bultzatzea barne. Urtero egiten da Etxepare Euskal Institutua, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Saila, Universidad Nacional Tres de Febrero unibertsitatearen museo sareko Arte Garaikideko Zentroa eta Eusko Jaurlaritzaren Mercosurreko Ordezkaritzaren laguntzari esker. Aurten, Nagore Legarretaren ´El río no es un lugar´ izan da euskal arte garaikidearen nazioartekotze programako lan aukeratua. 

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu
?>