ZinemaldiaCat, euskal zinemaren erakusleihoa Katalunian
2019/03/06
Euskara. Kultura. Mundura.
Euskal zinemak bere tokia izango du Katalunian beste behin ere. Bartzelonako Euskal Etxeak, Etxepare Euskal Institutuaren eta Azkue Fundazioaren laguntzarekin, ZinemaldiaCat Kataluniako Euskal Zinema Jaialdiaren 14. edizioa antolatu du martxoaren 14tik 17ra. Cinemes Girona aretoetan izango dira emanaldiak, zuzendarien solasaldiekin, mota ezberdinetako filmekin eta sari banaketekin, besteak beste.
Euskal zinemak bere tokia izango du Katalunian beste behin ere. Bartzelonako Euskal Etxeak, Etxepare Euskal Institutuaren eta Azkue Fundazioaren laguntzarekin, ZinemaldiaCat Kataluniako Euskal Zinema Jaialdiaren 14. edizioa antolatu du martxoaren 14tik 17ra. Cinemes Girona aretoetan izango dira emanaldiak, zuzendarien solasaldiekin, mota ezberdinetako filmekin eta sari banaketekin, besteak beste.
Dagoeneko aditzera eman dituzte aurten ZinemaldiaCat-en izango diren lanak. Jaialdia irekitzeko ardura fikziozko bi film luzek izango dute: dantzaren bidez bizitzaren zikloa kontatzen duen Telmo Esnalen Dantzak eta Khalilen, gazte deserrotu baten, bizitza zaila hizpide duen Koldo Almandozen Oreina luzemetraiak. Bi zuzendariak bertan izango dira euren filmak aurkezten. Dena den, dokumentalak dira sarietarako hautagaiak aurtengoan. Lau izango dira sari nagusia irabazteko lehian.
Oier Aranzabalen Margolaria. Martxoaren 15ean, 22:00etan. Zuzendariaren aurkezpenarekin.
Mikel Urdangarin musikariak eta Alain Urrutia margolariak goiz batean Skype bidez elkarrekin izandako elkarrizketa batean abiarazitako bidaia-kontakizuna. Margolariak bere obretako bat eskainiko dio Mikeli, opari, baina baldintza batekin: musikariak itsasoan zehar, ferryan, joan beharko du Londresera opariaren bila. Bidaia aitzakia harturik, bere lanaren emaitzaz bizitzearen alde apustu egiten duen artista baten egunerokoan barrenduko gara, artista ororen laborategiaren erdigunean ezkutatzen den giltzarrira iritsi arte, bilaketa guztiak baitira egiaz bidaiak; eta sorkuntza-prozesua ere berez baita bidaia.
Maider Oleagaren Muga Deitzen da Pausoa. Martxoaren 16an, 18:00etan.
2011an Donostiako Fermin Kalbeton kaleko 26. zenbakiko bigarren pisura lekualdatu zen Maider, non Elbira Zipitriak lehen euskal eskola ireki zuen, frankismo garai betean. Politikaria, hizlaria, irakaslea eta euskararen defendatzaile sutsua, polemikoa eta maitatua izan zen Elbira aldi berean. Kontatzea pena merezi duen emakume baten historia da hau.
Josu Martinezen Jainkoak ez dit barkatzen. Martxoaren 16an, 20:00etan.
Milaka arma erosi zituen euskal antifaxistentzat. Bere bizia arriskatuz, ehunka pertsonarena salbatu zuen. Franco hil zuen, ia. Lezo Urreiztietak bere bizitza harrigarria kontatzen digu, hil eta 40 urtera.
Marina Lameiroren Young & Beautiful. Martxoaren17an, 20:00etan.
30 urteren bueltan euren iraganaren, orainaren eta etorkizunaren inguruan buruhausteak dituzten lau pertsona dira dokumental honen protagonistak. Gizarte sistema honek duen bizilegea ez dute ez onartzen, ezta ulertzen ere.
Film laburren ordezkariak, berriz, Etxepare Euskal Institutuak eta Euskadiko Filmategiak sustatzen duten Kimuak programaren 2018ko katalogoan bilduta dauden bost lan izango dira. Kataluniako euskal zinema jaialdian honakoak proiektatuko dituzte: Josu Martinezen Ama, Iban del Camporen Espedizio Handia, Miguel Ángel Jimenezen Kafenio Kastello, Sara Fantovaren No me despertéis eta Pello Gutierrezen Zain.
1979. urtean sortu zen Bartzelonako Euskal Etxea, eta orduz geroztik euskal kulturaren erreferentea da Bartzelonan zein Katalunian. ZinemaldiaCat-erako sarrerak eta informazio osoa euren orrialdean eskura daitezke, hemen klikatuz.