Zortzi euskal konpainia Maitaldia dantza jaialdian
2025/05/29
Euskara. Kultura. Mundura.
Irailaren 5etik 15era Biarritzen egingo den Maitaldia dantza jaialdian Euskal Herriko dantza konpainiek berezko programazioa izango dute ‘Les compagnies du territoire’ izenpean.
‘Ça colle au basque’ egitasmoaren baitan, Etxepare Euskal Institutuaren eta Malandain Ballet Biarritzen arteko lankidetzari esker, zortzi euskal konpainia izango dira Maitaldiaren egitarauan ariko direnak: Malandain Ballet Biarritz, Kukai Dantza, Bilaka Kolektiboa, Mizel Théret & Beñat Achiary, Dantzaz, Compagnie Á Pas Furtifs, Cie Project ra.re / Collectif Rabbit Research eta AltxaLili Show. Emanaldi horiez gain, jaialdiaren lehen asteburuan, irailak 6 eta 7, topaketa profesional bat antolatuko da.
Biarritz agertoki nagusi duela, Maitaldia jaialdia dantza klasiko eta garaikidearen topagune erreferenteetako bat bilakatu da azken 35 urteotan, Frantziako nahiz nazioarteko programatzaile eta kultur eragile ugari erakartzen baititu urtero. Hala, euskal dantza konpainiek beren lanak nazioartekotzeko aukera izango dute Maitaldian.