2017 urtean ere euskal kultura Akitanian

Euskara. Kultura. Mundura.

2017-03-15

Martxoan beteko da urtebete Aquitaine.eus proiektua abian jarri zenetik. Bidea hasia du egitasmoak, baina oraindik ere ibilbide luzea du aurretik. 2017an Akitaniako eta Euskadiko kultur sortzaile eta eragileen arteko mugaz gaindiko harremanak eta elkarlana sustatzen jarraituko du euskal kulturari Akitanian ikusgarritasuna emateko.

Esaterako, 2016an abiatutako lan-ildoari eutsiz euskal musika taldeek Bordeaux-Cenongo Le Rocher de Palmer kulturgunean aritzeko aukera izango dute. Abuztuan, eta urtero legez, Libourneko Fest´Arts kaleko arteen jaialdia euskal antzerki eta dantza taldeen erakusleiho bihurtuko da eta Donostian antolatzen den Dferia antzerki azokan euskal antzezlanak eskainiko dira frantsesezko azpitituluekin, kanpoko programatzaileek ikus ditzaten. Bestalde, SOKA euskal dantzaren inguruko erakusketa Akitanian zehar ikusi ahal izango da, eta Euskadiko Filmategiaren ´Euskal Zinema: zinemagileen hiru belaunaldi´ liburua frantsesera itzuliko da, euskal zinemagintzari bultzada emateko asmoz. 

Eusko Jaurlaritzak eta Aquitaine-Limousin-Poitou-Charentes eskualdeak osatzen duten Akitania-Euskadi EuroeskualdeakEtxepare Euskal Institutuak eta Euskal Kultur Erakundeak sinatu zuten lankidetza hitzarmenak 2016an eman ditu lehen fruituak, eta esaterako udazken honetan euskal jazz-a izan da protagonista Bordelen: Donostiako Jazzaldiaren inguruko erakusketa egon da ikusgai, eta Iñaki Salvador Trio taldeak kontzertua eskaini zuen. Garikoitz Mendizabal txistulariak eta Aitor Furundarena akordeoi-joleak ere tailerra eta kontzertua eskaini zituzten.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko

Harpidetu