2019a zifratan: beste kultur ekimen batzuk

Euskara. Kultura. Mundura.

2020-06-26

Etxepare Euskal Institutuaren helburu behinenetarikoa da euskal sormena eta arte diziplinen nazioartekotzea sustatzea, eta horretan jarduten du urtez urte, hainbat tresna erabiliz. 2019a zifratan artikulu sortak irakurleei diziplina bakoitzean iaz egin genituen ekintzak ikusarazteko espazioa eskaintzen digu. Sortako azken artikulu honetan, euskal kultura kanpoan sustatzeko egindako beste ekimen batzuk aipatuko ditugu.

Institutuak literatura eta itzulpengintza, arte eszenikoak, zinea eta ikus-entzunezkoak, musika eta arte plastikoak eta ikusizkoak nazioartean sustatzeaz gain, euskal kulturaren zabalkundea sustatzeko bestelako kultur egitasmo eta jarduera batzuk ere babesten ditu, euren jarduera modu ez profesionalean garatzen duten horientzat. Horretarako tresnarik eraginkorrena mugikortasunerako dirulaguntzak dira; azken finean, horien bitartez artista eta kolektiboek atzerrian egiten dituzten ekintzen gastuak diruz laguntzen dira, egingarriak izan daitezen eta euskal kultura nazioartean libreki mugitzea jasangarria izan dadin.

“Euskal kultura sustatu eta hedatzeko jarduerak garatzeko dirulaguntzak” modalitatearen bitartez, 2019an 11 dirulaguntza banatu ziren 30.000 €ko zuzkidurarekin. Horietatik lau euskal dantza tradizionalari lotutako konpainientzat izan ziren, eta zazpi musika eta abesbatzei lotutakoentzat. Lagundutako proiektuak Europako, Ipar eta Hego Amerikako eta Asia eta Ozeaniako 11 herrialdetan zehar ibili ziren. Orotara, 44 emanaldi eskaini zituzten konpainia horiek mugikortasunerako dirulaguntzen bitartez.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko

Harpidetu