2019a zifratan: Musika

Euskara. Kultura. Mundura.

2020-06-11

Etxepare Euskal Institutuaren helburu behinenetarikoa da euskal sormena eta arte diziplinen nazioartekotzea sustatzea, eta horretan jarduten du urtez urte, hainbat tresna erabiliz. 2019a zifratan artikulu sortak irakurleei diziplina bakoitzean iaz egin genituen ekintzak ikusarazteko espazioa eskaintzen digu. Honakoan, Musikaren sektorean jarriko dugu fokua.

Euskal Herrian egiten den musikari nazioartean ikusgarritasuna emateko, jaialdi eta musika programazioetan euskal musikari eta taldeen parte hartzeari ateak zabaltzen dizkio Etxepare Euskal Institutuak. Horrekin batera, atzerrian musika birak egin eta kontzertu bereziak eskaintzeko dirulaguntzak banatzen ditu eta bertako eta atzerriko eragileekin egitasmo zehatzak gauzatzen ditu. Nazioarteko azoketan, bestalde, euskal musikaren sektorearen partehartzea kudeatzen du Musika Bulegoarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin batera, Basque.Music izenpean.

Euskal musikariek mundu mailako jaialdi eta programazioetan parte har dezaten arduratzen da Institutua urtero; horietan, jaialdiekin adostutako hitzarmenen bidez, Euskal Leihoak sortuz. 2019an horrelako 12 euskal leiho izan ziren; tartean Japoniako Kanazawa Jazz Street jaialdian (Iñaki Salvador eta banda), Bartzelonako EH Sona jaialdia (hainbat euskal artista), Artistas en Ruta egitasmoa (hainbat euskal artista, Espainiako estatuan zehar) edota Udineko (Friuli, Italia) Suns Europe jaialdian (Mocker’s eta Eneritz Furyak), batzuk aipatzearren.

Euskal Herriko Musika Bulegoa elkartearekin sinatutako hitzarmenaren bitartez, euskal musika nazioartekotzeko beste hainbat ekintza egin dira, lehenaren menpe dauden Musikagileak euskal konposatzaileen elkartearen eta Kultura Live Euskal Herriko aretoen elkartearen bitartez. Halaber, Etxepare Euskal Institutuak euskarazko album onenaren saria eman zion Ruper Ordorikari bere Bakarka lanarengatik Espainiako Musika Independentearen MIN sarietan.

Euskal musikari mundu mailako ateak irekitzeko beste tresna eraginkor bat dirulaguntzak dira. Etxepare Euskal Institutuak urtero musika talde zein bakarlariek munduan zehar birak eta kontzertu bereziak egin ditzaten mugikortasunerako dirulaguntzak eskaintzen ditu. 2019an 29 onuradunek jaso zituzten euren biretarako dirulaguntzak, 125.000 euroko zuzkidura orokorrarekin. Halaber, 15.000 euroko zenbateko orokorrarekin lagundu ziren 11 kontzertu berezi.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko

Harpidetu