3, 2, 1… Sareak bateratzera goaz!
Euskara. Kultura. Mundura.
Kanal berriak etengabe zabaltzen diren garaian, guk kanal bakarraren alde egingo dugu. Facebooken eta X-en (lehen Twitter) hiru kanal elebakarretik, kanal bakar eleanitzera pasatuko gara. Sareak bateratu, eleaniztu eta aberastu nahi ditugu. Kalitatezko edukiaren aldeko apustua egin.
Euskara. Kultura. Mundura. Hori da gure egitekoa, eta sare sozialek eskaintzen diguten leiho digitala ere helburu horretan fokatu nahi dugu. Euskarara eta kulturara hurbiltzeko zubia izan nahi dute Etxepare Euskal Institutuaren sare sozialek, edonor zarela eta edonon zaudela ere, euskarari lotutako sorkuntza eta ekimenen berri izateko gune eta komunitatea.
Etxeparen arlo desberdinetan dihardugu, besteak beste, euskal kultura sustatzen, hizkuntza bera ikertu eta irakasten eta herrialde desberdinekin kultur harremanak eraikitzen. Lurralde mailan edo nazioartean sortzailea, ekoizlea, eragilea, ikerlaria, ikaslea, irakaslea, kazetaria edota herritarra bazara, eta euskara eta euskal kulturarekiko interesa baduzu, eduki erakargarriak topatuko dituzu gurean.
Egun hiru dira Facebooken ditugun orrialdeak, eta beste horrenbeste kontu ditugu X-en. Euskarazko profilak dira nagusi bi kasuetan, baina nazioartean eta nazioartearekin komunikatzeko, gaztelaniazko eta ingelesezko orrialde eta kontu bana sortzea erabaki genuen. Orain, aldiz, horiek bateratzearen alde egingo dugu, unibertso eleanitzean gure elearen balioa indartzeko. Nola? Erabiltzaileak euskararekin zuzenean harremanetan jarrita.
Atzerako kontaketa hasi da, eta urtarrilaren amaieran, gaztelaniazko eta ingelesezko kontuak ezabatuko ditugu. Ordura arteko epea duzue Etxepare Euskal Institutua | Basque Institute izeneko profilak jarraitzen hasteko (orain arte euskara hutsean ziren profilak). Ezer ez galtzeko, segi gaitzazu! 3, 2, 1…
X: @etxepareinst
Facebook: www.facebook.com/etxepareinst
Instagram: etxepareinst