452.000 euro euskal sortzaileen mugikortasuna sustatzeko
Euskara. Kultura. Mundura.
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak Etxepare Euskal Institutuaren kultur sortzaileen mugikortasunerako dirulaguntzak argitaratu zituen atzo, apirilak 7, eta eskaerak egiteko epea gaurtik dago zabalik. Laguntza hauek bi deialditan daude banatuta. Batetik, arte plastiko eta ikusizko, musika, dantza eta antzerkigintzako sortzaileen mugikortasunerako dirulaguntza. Bestetik, zinema- eta literatura arloko sortzaileak eta eragileak nazioartekotzeko bidaia-poltsena.
Lehenbizikoak, arte plastiko eta ikusizko, musika, dantza eta antzerkigintzako sortzaileen mugikortasunerako deialdiak, pandemia egoerara egokitzeko iaz egindako aldaketak mantentzen ditu, eta aurrekontua handitu da. Guztira, 432.000 eurokoa izango da, iaz baino 50.000 euro gehiagokoa. Dirulaguntza honen xedea da euskararen eremu geografikotik kanpo euskal kultur eta sormenaren posizionamendua indartu, bere presentzia eta ikusgarritasuna sendotu eta nazioarteko kultur eragileekin saretze lana bultzatzea. 2022ean Euskal Herritik kanpoko jaialdi edo kultur jarduera zehatzetan (birak, denboraldiak, erakusketak, lehiaketak, ekitaldiak, egonaldi proiektuak) parte hartzeko bidaia-gastuak, muntaketa-gastuak, eszenografia edo materialen garraioa, ostatua eta dietak ordaintzeko izango dira. Deialdi horretara aurkez daitezke hurrengo sektoreetako sortzaileak: arte plastikoak eta ikusizkoak, musika, dantza eta antzerkigintzakoak.
Modalitateka, hurrengoak dira banatuko diren laguntzak: arte plastiko eta ikusizkoek 75.000 euroko zuzkidura dute denera; musikak, 140.000 eurokoa; dantzak, 81.000 eurokoa; eta antzerkiak, aldiz, 136.000 eurokoa.
Bestalde, zinema- eta literatura arloko sortzaileak eta eragileak nazioartekotzeko bidaia-poltsetarako dirulaguntzen deialdiak 20.000 euroko zuzkidura du (iaz baino 2.000 euro gehiago) eta eskaerak abenduaren 31ra arte aurkeztu daitezke.
Dirulaguntza hauek guztiak Euskal Autonomia Erkidegoan errolda edo egoitza soziala duten pertsona fisiko eta juridikoek jaso ahal izango dituzte. Gainera, zabaldu nahi den lanaren komunikazio-hitza euskara den kasuan, sozietate-egoitza edo helbidea euskararen eremu geografikoan kokatuta duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuak ere aurkeztu ahal izango dira, hau da, egoitza Nafarroan edo Ipar Euskal Herrian dutenak ere bai.
Deialdien inguruko xehetasunak hemen aurkituko dituzu.