MIN sarietako semifinalistak iragarri dituzte

Euskara. Kultura. Mundura.

2022-03-18

Musika Independientearen MIN sarietako hautagaiei botoa emateko epea bukatu da, eta semifinalistak iragarri dituzte. Kategoria bakoitzeko 15 artista edo talde bozkatuenak jakinarazi dituzte, eta orain adituen epaimahaiak alor bakoitzeko bost finalista hautatuko ditu. Sari banaketa apirilaren 27an egingo da, Iruñean.

Euskarazko Disko Onenaren Etxepare Saria eskuratzeko lehiatuko dira Amak, Bulego, Chill Mafia, Ezpalak, Gaur, Huntza, Ibil Bedi, Idoia, Jon Maia, Joseba Irazoki eta lagunak, Liher, Maite Larburu, Olatz Salvador, Ruper Ordorika eta Verde Prato.

Beste kategoriatan ere sailkatu dira artista hauetako asko. Izan ere, asko dira kategoriak; horien artean, musika-estiloen araberakoa (jazz diskorik onena, flamenko diskorik onena, rock diskorik onena…), edota hizkuntzen araberakoa (euskarazkoa, katalanezkoa, galegozkoa) aurki daitezke, orokorragoak diren beste batzuez gain (diskorik onena, bideoklip onena, abestirik onena…).

Zuzeneko onenari saria eskuratzeko lehiatuko da Zetak; Huntza, Album de Música Raíz kategorian; Chill Mafia eta Ben Yart Premio a la Mejor Grabación de Música Urbana-n; Premio al Mejor Álbum de Rock kategorian, Kokoshca; Premio AIE al Mejor Artista Emergente delakoan, Chill Mafia, Anne Lukin eta Chica Sobresalto; Premio The Orchard al Álbum del Año-n, Chill Mafia eta Chica Sobresalto; Premio al Mejor Videoclip-en, Chica Sobresalto; Iñaki Alberdi Premio al Mejor Álbum de Clásica kategorian; eta Pamplona Jazz Orchestra Premio al Mejor Álbum de Jazz-en.

MIN Sariak 2009 urtean sortu ziren estatu mailako sorkuntza artistikoari, kultur aniztasunari, talentuari eta musika alorreko enpresa txiki eta ertainek ekoiztutako lanei ikusgarritasuna emateko, eta musika independentea estatu mailan zein nazioartean sustatzeko.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko

Harpidetu