WOMEX 2021en parte hartzeko izen ematea irekita

Euskara. Kultura. Mundura.

2021-03-01

WOMEX (Worldwide Music Expo) munduko musika topaketa handiena da. Urtetik urtera Europan zehar bidaiatzen duen topaketa izanik, aurtengo urriaren 27tik 31ra Oporton egingo du geldialdia.

Zuzeneko musika ez ezik, musikarekin lotutako jarduera ugari eskaintzen ditu topaketa honek: hitzaldiak, azoka, filmak eta showcase-ak besteak beste. Zazpi eszenatoki, 700 enpresa erakusle, 100 hizlari baino gehiago, filmak, irekiera kontzertua eta sari banatze ospakizun bat bost egunetan zehar. Showcase hauetan parte hartzeko izen emate epea martxoaren 1ean hasiko da eta apirilaren 16an bukatu.    

90 herrialdetako 2.500 profesional (jardungo diren 260 artistak barne) baino gehiago biltzen dira urtero urriaren azken egunetan. Honela, WOMEX musikaren sektoreko profesional sare handiena sortzen duen topaketa izateaz gain anitzena ere bada, musika eskaintza tradizionaletik hasi eta musika elektronikoraino jazz eta musika klasikotik igaro ostean.

Etxepare Euskal Institutuak urtero bermatzen du WOMEX-en hainbat euskal taldek showcase-ak eskaini ahal izatea. 2020an Covid-19a dela eta, Budapesten izatekoa zen topaketa Virtual WOMEX bilakatu zen. Bertan Xabi Aburruzaga aritu zen, Basque. Music. showcase-aren parte izanik. Hasiera batean, aurrez aurreko topaketaren aldeko apustua egin  du aurten WOMEXek, beti ere osasun egoerak ahalbidetzen badu.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko

Harpidetu