AIR Wro: Gala Knörr
Euskara. Kultura. Mundura.
-
15Ira 202109Urr 2021Wroclaw
Interneteko iruditegia baliatuz, ikuslea arazo garaikideen inguruan hausnartzera gonbidatuko duen obran ari da lanean Gala Knörr. AIR Wro programaren baitan, Etxepare Euskal Institutuaren laguntzaz, gauzatzen ari den egonaldian zehar publikazio bat osatuko du: “sentimendu kolektiboez hitz egiten duten irudi biralak erabili eta sortu nahi ditut”. Artista gasteiztarra hilabetez egongo da Worclaw-en (Polonia), urriaren 9ra bitarte. Interneteko iruditegia ekarriko du erdigunera. 2020ko udazkenean argitara ematekoa zen proiektua da, urtebeteko atzerapenarekin datorrena COVID-19a dela eta.
“Komunikazioan galtzen gareneko sentsazioa dut inspirazio iturri; hemen maiz sentitzen dut muga linguistikoa, eta normalean gainditzen badut ere, asko interesatzen zitzaidan gai hori lantzea umoretik”, azaldu du Knörr-ek. Horrela, egonaldian zehar publikazio bat osatuko, ardatz izango duena ‘Lost in translation’ filma, besteak beste. “Ezagutzen ditugun irudiak erabili nahi ditut, ‘meme’ gisa funzionatuko duten piezak sortu eta itzulpenekin azaldu euren esanahiak. Sentimendu kolektiboez hitz egiten duten irudi biralak erabili eta sortu, komunikazioan galtzeko esperientziari begi atseginez so eginda”.
Artists In Residence Wroclaw programak gai ezberdin bat jorratzen du urtero, eta sortzaileei Poloniako hirian egonaldiak egiteko aukera eskaintzen die Europako herrialde ezberdinetako artista edota ikerlariei. Aurtengoan, irudi biralak izango dira. Ikusleak, obraren bidez, bere buruaren isla ikusi ahal izatea bilatuko du artistak, konexio bat sortzea. Ikuslearen irudimena ere piztea.
Gala Knörr diziplina anitzeko artista bisuala da, pinturan, bideoan eta instalazioan lan egiten duena. Bere lanak identitatearekin, teknologiarekin, komunikabideekin, satirarekin eta herri kulturarekin lotutako gaiak aztertzen ditu.