Aitor Gametxo: "Wroclaw-en erresidentzia artistikoa egitea izugarrizko aukera izan da"

Euskara. Kultura. Mundura.

2017-06-13

Aitor Gametxo (Lekeitio, Bizkaia, 1989) ikus-entzunezko teknikaria eta zinegilea da, eta iaz Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuak, Etxepare Euskal Institutuak eta Donostia Kulturak elkarlanean antolatutako ´Joan Etorriak’ artisten elkartruke programan parte hartu zuten 10 artistetako bat izan zen.  Poloniako Wroclaw hirian egin zuen bi hilabeteko egonaldian mugimenduaren bidezko komunikazioari buruzko entsegua egin zuen –Chicha Symfonia (Sinfonia isil bat)-  pertsona gorren unibertso isilean murgilduz. Etxeparek duela aste batzuk zabaldu zuen hain zuzen Wroclaw-en erresidentzia artistikoak egiteko deialdia eta datorren astelehenera arte egongo da proposamenak aurkezteko aukera. Hori dela eta, Aitor Gametxorekin hitz egin dugu berak bizitako esperientzia konta diezagun.

Aitor Gametxo (Lekeitio, Bizkaia, 1989) ikus-entzunezko teknikaria eta zinegilea da, eta iaz Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuak, Etxepare Euskal Institutuak eta Donostia Kulturak elkarlanean antolatutako ´Joan Etorriak’ artisten elkartruke programan parte hartu zuten 10 artistetako bat izan zen.  Poloniako Wroclaw hirian egin zuen bi hilabeteko egonaldian mugimenduaren bidezko komunikazioari buruzko entsegua egin zuen –Chicha Symfonia (Sinfonia isil bat) pertsona gorren unibertso isilean murgilduz. Etxeparek duela aste batzuk zabaldu zuen hain zuzen Wroclaw-en erresidentzia artistikoak egiteko deialdia eta datorren astelehenera arte egongo da proposamenak aurkezteko aukera. Hori dela eta, Aitor Gametxorekin hitz egin dugu berak bizitako esperientzia konta diezagun.

-Zer ekarpen egiten dute, zure iritziz, Wroclaw-en egin zenuen erresidentzia artistikoa bezalako egitasmoek?

Wroclaw edo Donostia, kasu honetan, Europako Kultur Hiriburuak izan zirelako 2016an, baina orokorrean hiri edo herrialde guztietan gertatu beharko lirateke elkarrizketa edo truke hauek. Uste dut oso onuragarria dela “bestea” kontzeptu horren inguruan gogoeta egiteko, beti ere gure ezagutzaren espektroa zabaltzen eta aurreiritzi eta topikoak alde batera uzten laguntzen digun heinean. Dena den, elkarrizketa bat izateko, ez da zertan herrialdetik bertatik atera beharrik ere. Adibidez, nik jorratu dudan gaiaren kasuan, hots, gor komunitatearen kasuan, ezjakintasun asko dago oraindik gizartean eta espektro hori zabaltzeko erabili nahi izan dut nire lana. Adibidez, gortasuna lengoaia bat loturik daraman defizit edo gabezia bakarra dela, zeinu-hizkuntza ez dela unibertsala edo Euskal Herrian ez dela existitzen euskal zeinu-hizkuntza. Honek identitatearen inguruko gogoeta interesgarriak sorrarazten ditu ikuslean.

-Egindako erresidentzia artistikoa zure alor profesionala garatzeko baliagarria izan dela uste ahal duzu?

Izugarrizko aukera izan da beste herrialde bat ezagutu eta hango errealitatean murgiltzeko. Orain arte erabili dudan lan-metodologia berbera erabili dut: ezagutzen ez dudan gai baten inguruan galderak planteatu eta kameraren bitartez galdera horiek erantzuten saiatu edo galdera gehiago sorraraziz gero, hauek filmean bertan islatzen saiatu. Prozesua bera film bihurtu nahi izan nuen  eta hori da hain zuzen ere entsegu filmikoa bereizten duen ezaugarri garrantzitsuena, hots, irudiaren bitartez eta irudiari berari buruz gogoeta egitea.

-‘Cicha Symfonia’ toki gehiagotan aurkeztu eta zabaltzeko aukera izan al duzu?

Bai, ‘Joan Etorriak’ proiektuko lanak erakusketa batean aurkeztu ziren Tabakaleran (Donostia) gainontzeko parte-hartzaileen lanekin batera. Horrez gain, Punto de Vista Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdian aukeratu zuten lana sail ofizial lehiatzeko pasa den martxoan. Ekainean, aldiz, Polonian bertan Świdnica herrian (Wroclaw-tik oso gertu) aurkeztuko da filma, Okiem Młodych Jaialdian.

-Etorkizunera begira, ba al duzu proiekturik eskuartean?

‘Cicha Symfonia’ lanarekin irudi hutsezko lan bat egitea zen asmoa, soinurik gabe. Orain alderantzizko ariketa egin nahi dut eta hurrengo galdera erantzuten saiatu: egin al daiteke irudirik gabeko pelikula bat, soinuekin bakarrik? Modu honetan, pertsona itsuen errealitatea ezagutu nahiko nuke. Badaude gai honen inguruko lanak, adibidez João César Monteiro zinegilearen ‘Branca da neve’ filma edo Sophie Calle aristaren ‘Blind’ proiektua. Nik neuk jakin ahal izan dut, momentuz egindako landa-lanaren bitartez, irudiekin amets egiten dutela edota ikusmena galdu dutenek euren senideen aurpegiak ahaztu egiten dituztela gutxinaka. Honek gogoeta interesgarriak planteatzen ditu itsuen eta irudien arteko erlazioan. Horrela, oraindik definitzeke dagoen lanean pertsona itsuen amets, memoria eta esperientzietan jarri nahiko nuke arreta, soinu, zarata, ahots eta isiluneen bitartez, eurekin eta eurentzako film bat eginez.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko

Gune hau reCAPTACHAk babestuta dago eta Googleko Pribatutasun Politika zein Zerbitzuaren Baldintzak aplikatzen dira.