Amaitu da Etxepare Euskal Institutuaren literaturaren zabalkunderako bira Mexikon

Euskara. Kultura. Mundura.

2013-12-11

Azken egunotan lanean buru-belarri aritu eta gero, amaitu da Karmele Jaio euskal idazleak eta Mari Jose Olaziregi Etxepare Institutuko Euskararen Sustapen eta Hedapenerako zuzendariak Mexiko aldean egin duten euskal literatura zabaltzeko bira. Hitzaldiak, irakurketak eta hainbat komunikabidetarako elkarrizketak eskaini dituzte. Beste idazleekin, irakurleekin era literatura munduko eragile ezberdinekin topaketak burutzeko aukera ere izan dute.

Atzo, abenduaren 10ean, Joseba Buj Mexikon bizi den euskal idazlea, Universidad Iberoamericanako irakasle dena eta Ibero Radion Los dublineses saioa zuzentzen duena izan zuten solaskide. Karmele Jaioren Las manos de mi madre (Amaren eskuak) lanaren osgaiak aztertu zituzten, Euskal Herriko egungo kultur aniztasuna kasu, edota jatorri, kultura, historia eta iblibide pertsonal anitzak situztenen arteko harremanak.  

Jaiok zein Olaziregik euskara literaturaren bitartez sustatzearen eta Euskal Herrian zein kanpoan euskararen irakaskuntza bultzatzearen garrantzia nabarmendu zuten.   Karmele Jaiok, gainera, azken elkarrizketa bat eskaini zion Radio Red irratari: Miguel Ángel Quemain, Variopinto eta La Jornada Semanal aldizkarietako kolaboratzaile ere den kazetariarekin aritu zen solasean.   Etxepare Euskal Institutuak antolatutako laneko birak bi geraldi nagusi izan ditu: Guadalajarako FIL Azoka eta Mexiko DF.

Egun hauetan harreman berriak sortu dituzte mexikar editore era banatzaileekin, herrialdeko liburutegietan euskal idazleen presentzia handitu dadin.   Harreman berriak ere sortu dira irakurle zein ikasleekin, euskara hizkuntzak pizten duen interesaz gain euskal idazleekiko jakingura handituz.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu