Berlin Baskisches Filmest 2026
Euskara. Kultura. Mundura.
-
13Aza 202615Aza 2026
Berlin (Alemania)
Euskal zinemak bere lekua izango du Berlinen, azaroaren 13tik 15era egingo den Baskisches Filmfest 2026 jaialdian. Hiru egunez, euskal zinemagintza garaikideko hiru film proiektatuko dira: Asier Altunaren Karmele, Sara Fantovaren Jone, batzuetan eta Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregiren Maspalomas.
Berlingo Moviemento zinema-aretoan egingo den zikloak euskal zinemaren aniztasuna erakutsiko du, hiru begirada eta kontakizun desberdinen bidez: erbestea eta memoria historikoa, gaztaroko identitatearen eraikuntza eta zahartzaroan norbera izateko askatasuna.
Jaialdia Berlingo Euskal Etxeak antolatu du, Etxepare Euskal Institutuaren laguntzarekin.
Hiru film, hiru begirada
Karmele (Asier Altuna, 2025)
Azaroak 13 | 20:00
Kino Moviemento
1937an, Karmelek eta bere familiak Frantziara ihes egin behar dute gerraren ondorioz. Erbestean euskal kulturaren alde lanean ari den talde batekin harremanetan jarriko da, eta Txomin tronpeta-jotzailea ezagutuko du. Maitasuna, erbestea eta erresistentzia uztartzen dituen kontakizun historikoa da.
Jone, batzuetan (Sara Fantova, 2025)
Azaroak 14 | 20:00
Kino Moviemento
Bilboko Aste Nagusian girotuta, Jone 20 urteko gazteak bere lehen maitasuna biziko du, aitaren Parkinson gaixotasunaren ondorioei aurre egin behar dien bitartean. Gaztarotik helduarorako trantsizioa, familia-harremanak eta norberaren identitatearen bilaketa jorratzen ditu filmak.
Maspalomas (Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregi, 2025)
Azaroak 15 | 20:00
Kino Moviemento
Vicente 76 urteko gizona da, eta Maspalomasen askatasunez bizi da bikotekidearekin hautsi ondoren. Ustekabeko istripu batek Donostiara itzultzera behartuko du, eta zahar-etxe batean sartzean bere sexu orientazioa ezkutatzea erabakiko du. Identitateari, zahartzaroari eta norbera izateko askatasunari buruzko istorioa da.
Baskisches Filmfest 2026
Baskisches Filmfest 2026 jaialdiak euskal zinemagintza garaikidea Berlingo publikoari hurbilduko dio, hiru film luzeren bidez. Zikloa Moviemento zinema-aretoan egingo da, azaroaren 13tik 15era, eta emanaldi guztiak 20:00etan hasiko dira. Jaialdiaren programazioak euskal zinemaren egungo sorkuntza ezagutzeko aukera eskainiko du, belaunaldi eta ikuspegi desberdinetako zuzendarien lanen bitartez.
Informazio gehiago: www.moviemento.de