Basque Music-ek euskal artiste parte hartzea sustatuko du WOMEX azokan
2017/10/25
Euskara. Kultura. Mundura.
Basque Music, euskal musika atzerrian sustatzea xede duen plataforma, nazioarteko musikako ekitaldirik nagusietako bitan izango da aste honetan. Honako hauek dira hitzorduak: Bizkaia International Music Experience (BIME) eta Katowiceko (Polonia) Womex munduko musiken azoka. Topaketa horietan showcase bana antolatuko du Basque Music-ek, Euskal Herriko artistak edo taldeak sustatzeko.

Munduko musika-profesionalen bilkura nagusitzat hartzen da World Music Expo edo Womex, eta aurten Poloniako Katowice hirian izango da urriaren 25etik 29ra. Euskal herri-musikako erreferentziako artista eta taldeek parte hartu izan dute Womexen hasiera-hasieratik. 2016an, Santiagon, Xarnege izan zen ordezkaria, eta aurtengo edizioan Juan Mari Beltran izango da aurreikusitako showcaseko buru, urriaren 28an, 23:15ean, offWomex agertokian (Konbentzioen Nazioarteko Zentroan).
Musikari donostiarrak kontzertua eskainiko du Ixiar Jauregi eta Errege Beldarekin batera, “Euskal Herri Musika eta Soinu-Tresnak” izenburupean. Euskal musika-tresnak, txalaparta, txistua eta alboka besteak beste, izango dira protagonistak. DJ Makala, azokako ohiko parte-hartzailea, urriaren 25ean, asteazkenean, arituko da, Global Club Music Network aretoan.
Beste azoka eta topaketa batzuetan bezala, Womexen ere stand propioa izango du Basque Music-ek. Azokan parte hartzen duten euskal profesionalek eskura izango dute stand hori, beren lanak beste profesionalei erakusteko. Era berean, musika tradizionalari, egile-musikari, folkari eta fusioari lotutako talde eta bakarlarien katalogoa erakutsiko du Basque Music-ek. Plataforma Etxepare Euskal Institutuak, Euskal Herriko Musika Bulegoak eta Euskadiko Soinuak-ek osatzen dute.