Basquemusic.eus webgunea aurkeztu dute MMVV-n
Euskara. Kultura. Mundura.
Euskal Herrian ekoizten den musika nazioartekotzea du helburu Basque. Music. egitasmoak, Eusko Jaurlaritza, Etxepare Euskal Institutua eta Musika Bulegoaren arteko elkarlan proiektua berau.
Egunotan Vicen egiten ari diren MMVV azoka profesionalean basquemusic.eus webgunea aurkeztu da, nazioartean euskal musikaren eszena ezagutzera emateko eta sektorearekin harremantzeko tresna. Edukiak ingelesez ditu eta, eta erakusleiho modura funtzionatzen duen plataforman, nazioartean lan egiten duten euskal artistak aurkitu daitezke: batetik, azken urteetan Etxepare Euskal Institutuak bultzatutako nazioarteko dirulaguntzak jaso dituztenak; eta, bestetik, nazioarteko musika azoka profesionaletan parte hartu dutenak. Webgune bizia da, eta musikaren euskal profesionalek osatutako sarea erakusteaz gain, nazioartean lan egiten duten artisten eta profesionalen profilak aldiro eguneratuko dira.
Basque. Music.-ek urtean zehar nazioarteko musika-azoka profesional esanguratsuenetan hartzen du parte, kontzertuak antolatzen ditu, profesionalen arteko topaketak bultzatzen ditu eta nazioarteko eragileen era ezberdinetako akordioak gauzatzen ditu Euskal Herrian ekoitzitako musika ezagutarazteko helburuarekin. Era berean, Basque. Music. BASQUE. marka proiektuaren parte da, nazioartean euskal kultura eta sorkuntzaren, eta bertako kultura eta sormen industrien ikusgarritasuna handitzea xede duen egitasmoa.