Berlin Biennale eta Yokohama Triennaleko komisarioak Euskal Herrian
2026/05/29
ZABAL programaren baitan, Euskal Herriko arte-proiektu, sortzaile eta erakundeak ezagutu dituzte Vasyl Cherepanyn eta Inti Guerrero eta Cosmin Costinas komisarioek, hurrenez hurren maiatzaren 21etik 22ra eta maiatzaren 25etik 26ra eginiko bisita bikoitzean.
Euskara. Kultura. Mundura.
Vasyl Chereparyn, berriki Berlingo Biurtekoaren komisario izendatua, Euskal Herrian izan da, euskal artearen proiektu, eragile, sorkuntza-eredu eta -praktikak ezagutze aldera. Gisa berean, Yokohama Triennale arte-hirurtekoaren komisarioburu diren Inti Guerrerok eta Cosmin Costinasek ere euskal arte-erakundeen bisita egin dute.
Beren etorrera Etxepare Euskal Institutuak bultzatutako ZABAL nazioartekotze-programaren baitan izan da, artearen arloko nazioarteko profesionalen eta euskal eszenaren arteko lotura zuzena sustatzea helburu duen ekimena.
Vasyl Cherepanyn, Berlin Biennale
Berlin Biennale biurtekoaren arduraduna Euskal Herriko hainbat arte-eremutan izan da maiatzaren 21etik 22ra egonaldian.
2027ko ekainean hasiko da Berlin Biennal for Contemporary Art biurtekoaren 14. edizioa, eta Europak bizi duen testuinguru soziopolitiko gatazkatsuari buruzko hausnarketa gisa aurkeztuko da. Hala, Berlingo Biurtekoak honako gogoeta plazaratu asmo du: arteak esku-hartze publikorako, memoria kritikorako eta eraikuntza kolektiborako gune gisa betetzen funtzioa.
Vasyl Cherepanynen eskutik, sortzez ukrainiarra den filosofiako doktorea eta Kieveko Visual Culture Research Center (VCRC) erakundearen zuzendaria, zenbait gai jorratuko ditu Berlingo arte-biurtekoaren programak: Europaren baitan gauzatzen diren eraldaketa demokratikoak, Ekialdeko eta Mendebaldeko Europaren arteko hartu-emanak, gizartean eta kultur eremuan dituen eraginak, eredu sobietar eta kolonialisten legatua, bai eta solidaritate- eta erresistentzia-modu berriak ere.
Biurtekoaren zuzendaria Europako artean funtsezko figura da, artearen, filosofia politikoaren eta aktibismoaren bidegurutzean ardazten baita Cherepanynen ibilbidea. Aldez aurretiko Kieveko Biurtekoaren buru izana da, eta East Europe Biennial Alliance (EEBA) erakundeko kide sortzaile izanagatik ere nabarmendu da. Aitortzarik bereganatzera ere bultzatu du bere jardunak, 2015ean Europa mailako Princess Margriet kultura saria esleitu baitzioten, arteak erresistentzia zibikoko eta eraldaketa sozialeko eremu gisa garatu duen ikuspegiagatik nagusiki.
Inti Guerrero eta Cosmin Costinas, Yokohama Triennale
Yokohama Triennale hirurtekoaren komisarioak dira Inti Guerrero eta Cosmin Costinas, eta Euskal Herria bisitatu dute maiatzaren 25etik 26ra, euskal artearen testuingurua bertatik bertara ezagutzeko. Besteak beste, beren ibilbidea Donostian eta Bilbon eginiko bisitetan ardaztu da, non tokiko kultur eragileekin bildu diren, eta, Albaola Itsas Kultur Faktoria eta Guggenheim Bilbao Museoa ezagutzeaz bat, hainbat arte-proiekturen berri ere izan dute.
Asiako plataforma kuratorial garrantzitsuenetakoaren 9. edizioa Yokohaman ospatuko da 2027. urtean, Japonian, Yokohama Museum of Art zentroaren eta beste hainbat tokiko erakundeen babespean. Asiako plataforma kuratorial garrantzitsuenetakoa bilakatu da Yokohamakoa, artistak ez ezik nazioarteko komisarioak ere bertan biltzen baititu eskala handiko proposamen artistikoen bueltan.
Latinoamerika, Europa eta Asian urratu du Inti Guerrerok bere ibilbidearen zati handiena, praktika kuratorial eta pedagogikoak nazioartean garatuz. Londresko Tate Modern zentroaren latinoamerikar artearen komisario gisa jardun du, Filipinasko Bellas Artes Projectseko arte-zuzendari izana da, bai eta Irlandako EVA International biurtekoaren komisario-buru ere. Bere lana kolonialismoaren historiaren irakurketa kritikoetan, kultura-artxiboetan eta testuinguru transnazionaletako ordezkaritza-moduetan etengabeko interesa izateagatik nabarmentzen da. Ildo horretan, ikerketa historikoa, teoria kritikoa eta kontinente desberdinetako artistekin lankidetza uztartzen dituzten erakusketak eta proiektuak garatu ditu.
Cosmin Costinas, bestalde, jatorri errumaniarreko komisario eta idazlea da, eta nazioarteko zirkuituetako hainbat erakunde eta biurtekoren pean garatu du bere ibilbidea. Hamarkada bat baino gehiagoz Hong Kongeko Para Site arte-zentroko zuzendaria izan zen. Halaber, Kathmanduko Trienala eta 2024ko Sydneyko Biurtekokoa zuzendu eta komisariatu ditu —azken kasu horretan Inti Guerrerorekin batera—, eta Shanghaiko Biurtekoan nahiz Veneziako Biurtekoan Errumaniako Pabiloian ere parte hartu du. Bere praktika kuratoriala ikuspegi globaletatik arte-ekoizpena aztertzen duten ereduen inguruan garatzen da, eta arreta berezia eskaintzen die politikaren, ekologiaren eta kultura-zirkulazioaren arteko gurutzaguneei.
Euskal Herriko arte-proiektu eta sortzaileak jomugan
Vasyl Cherepanynen etorrerarekin, batetik, eta Inti Guerrero eta Cosmin Costinasenarekin, bestetik, lurraldearen sorkuntza-aberastasunaren berri ematea da egonaldi hauen xedeetako bat, gerora euskal arteak haren etorkizuneko nazioarteko proiektuen baitan tokia izan dezan, tokiko eta nazioarteko zirkuituak kohesionatze aldera.
ZABAL programaren baitan eman da Berlingo Biurtekoko zuzendariaren eta Yokohama Triennale hitzorduaren komisarioburuen egonaldia eta, Etxepare Euskal Institutuak sustatutako ekimen estrategiko horren bitartez, euskal ekosistema artistikoaren nazioartekotzeak indartzen darrai. Izan ere, 2019an sortu zenez geroztik, nazioarteko lehen mailako erreferenteek gertutik ezagutu dute euskal artearen testuingurua, eta egonaldi horiek mugarri historiko zenbait ekarri dituzte, besteak beste, euskal artistek Veneziako Biurtekoan edo Documentan parte-hartzea.