Bernardo Atxaga eta Calixto Bieitok Obabakoak aurkeztu dute Madrilen

Euskara. Kultura. Mundura.

2018-10-24

Bernardo Atxaga idazlea eta Calixto Bieito antzerkigileak Obabakoak antzezlana aurkeztu dute gaur Madrilgo Centro Dramático Nacional-en (CDN). Euskal idazlearen izen bereko eleberrian oinarritutako lana bihar estreinatuko da euskaraz, gaztelaniazko goitituluekin, Madrilgo Valle-Inclán antzokian. Urriaren 26, 27 eta 28an ere ikusi ahal izango da antzezlana.

Bernardo Atxaga idazlea eta Calixto Bieito antzerkigileak Obabakoak antzezlana aurkeztu dute gaur Madrilgo Centro Dramático Nacional-en (CDN). Euskal idazlearen izen bereko eleberrian oinarritutako lana bihar estreinatuko da euskaraz, gaztelaniazko goitituluekin, Madrilgo Valle-Inclán antzokian. Urriaren 26, 27 eta 28an ere ikusi ahal izango da antzezlana.

Atxagak 1988. urtean aurkeztu zuen Obabakoak. Eleberrian Obabako unibertso literarioan barneratzen gaitu idazleak, Macondo edo Yoknapatawpharekin antzekotasunak dituen lurraldea. Obabako pertsonaien artean aurkituko ditugu bere gutunen bidezko amodio  istorioa gogora ekartzen duen geografiako irakaslea, bakardadeari aurre egiten ikasi behar duen andereño gaztea, kalonje baten eta basoan galdutako haur baten arteko harremana, edota eskolako argazki zahar bat handiagotzerakoan xehetasun harrigarri bat aurkitzen duen idazlea.

Azken hamarkadetan ospe gehien lortu duen euskal eleberria Obabakoak. Argitaratu zenetik mundu osora zabaldu da, 30 hizkuntza baino gehiagotara itzuli da eta hainbat sari jaso ditu. Obaba izeneko filma ere egin zuen Montxo Armendarizek 2005ean.

Bieitok, Bilboko Arriaga Antzokiko zuzendari artistikoak, nobelaren adaptazio librea egin du. Bertan pertsonaiak “amodioz, desioz, oroigarriz, beldurrez eta zalantzez beteriko giza pertsonaia bezala agertzen dira”. “Haurtzaroaren urrutiko eta antzinako mundu horretan gertatzen diren istorioak, non Freud izena ez zegokion gure hiztegiari”, dio sinopsiak.

Antzezlana Bilboko Arriaga Antzokiaren ekoizpena da, eta aktoreen artean daude Joseba Apaolaza, Ylenia Baglietto, Gurutze Beitia, Ainhoa Etxebarria, Miren Gaztañaga, Iñake Irastorza, Idoia Merodio, Itziar Lazkano, Koldo Olabarri, Lander Otaola eta Eneko Sagardoy.


Estreinaldia euskaraz

Madrilgo estreinaldia euskaraz izango da, gaztelaniazko goitituluekin, bihar, urriaren 25ean, 20:00etan, Valle-Inclán antzokian. Eta beste hiru emanaldi ere eskainiko dira 26, 27 eta 28an, gaztelaniaz hauek.

CDNk (Centro Dramático Nacional) urtero ekoizten edo programatzen du euskal sortzaile baten lana Etxepare Euskal Institutuarekin duen hitzarmenaren markoan, eta oraingo honetan Etxepareren laguntza jaso du ‘Obabakoak’ antzezlana euskaraz ikusteko aukera eskaintzeko.

Informazio guztia hemen.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko

Harpidetu