City University of New York: Bernardo Atxaga Katedra 2021

Euskara. Kultura. Mundura.

City University of New York: Bernardo Atxaga Katedra 2021
  • 25
    Urr 2021
    29
    Urr 2021
    New York

Urriaren 25 eta 29 bitartean, euskal zinema aztertuko du Iratxe Fresnedak New Yorkeko City University-n, Bernardo Atxaga Katedrak antolatutako zenbait mintegiren bidez. Mintegiak goizeko 11:00etatik aurrera egingo dira New Yorken (hango ordutegian, GMT-4) , ‘Intersekzionalitatea eta small cinema-k. Kontaketak eta ikus-entzunezko ereduak: periferiak zentroan’ izenburupean.

Bertan proposatu nahi du ibilbide bat, kontakizunen periferietatik sortu eta ekoitzitako zinematografia- eta telebista-testuen azterketa eta analisia abiapuntu hartuta. Euskal Herria eta herrialde nordikoak adibide izango ditu ulertzeko nola, zinema txikietatik, posible den publiko unibertsalera iristeko beste ikuspegi batzuk sortzea. Diziplina anitzeko hurbilketa baten bidez eta kasu-azterketen bidez, ikus-entzunezko testuek identitateak eta ikusteko moduak eraikitzeko duten zereginari buruz gogoeta egingo du.

Bestalde, hitzaldi irekia egingo du urriaren 29an, online: ´Viajes y registros audiovisuales: La búsqueda de la luz del norte en ´Lurralde Hotzak´ (´Cold Lands´)´. New Yorkeko 14:00etan egingo da (GMT-4). Entzun nahi izanez gero, drodriguez3@gc.cuny.edu emailera idatzi behar da izena emateko.

Katedra horren xede nagusia euskal literatura eta hizkuntzalaritzaren inguruan ikerketa, ikasketa eta ezagutza sustatzea da. Bernardo Atxagak berak eman zion hasiera 2011ko irailean City University of New York-eko The Graduate Center-en. Bernardo Atxaga Katedrak euskal kulturari buruzko doktoretzako programa akademikoa eskaintzen du, eta ikasturte bakoitzean New Yorkera ekartzen ditu irakasle gonbidatuak.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu