Bernardo Atxaga Katedra: Larraitz Ariznabarreta
Euskara. Kultura. Mundura.
-
12Ira 202522Ira 2025
New York
Etxepare Euskal Institutuak New Yorkeko City Universityn sustatzen duen Bernardo Atxaga Katedrako aurtengo ikertzaile gonbidatua Larraitz Ariznabarreta izango da, kulturaniztasunean doktorea eta Euskal Ikasketetan aditua.
‘1960ko hamarkadako euskal poesiaren belaunaldia: literatura, militantzia eta utopia’ du izena katedran zehar landuko duen ikastaroak, eta 1960ko hamarkadan Euskal Herrian sortu zen poesia konprometituaren agerpena eta bilakaera izando ditu aztergai. Besteak beste, ‘Historia eta brandingaren artean: Euskal Herriko eraldaketa kultural eta politikoak 1970. hamarkadatik’ mintegi-hitzaldia eskainiko du, irailaren 19an.
Larraitz Ariznabarreta
Larraitz Ariznabarreta Deustuko Unibertsitateko irakasle eta ikerlaria da. Aurretik, Boise State University-n eta University of Nevada, Reno-ko Center for Basque Studies-en aritu da irakaskuntza eta ikerkuntza lanetan. Bere ikerketa jarduera euskal kultur ikasketen arloan garatzen da, eta ikuspegi horretatik aztertu ditu euskal kulturaren barruan sortutako artefaktu historiko zein garaikideak, testuinguru estetiko, politiko eta sozialekin elkarreraginean.
Bere ikerketa esparru nagusiak euskal kulturaren adierazpide anitzen azterketan eta horien botere-egiturekin duten harreman dinamikoan ardazten dira. Ariznabarretak euskal literatura eta kultura garaikidearen zein historikoaren inguruko hainbat artikulu zientifiko eta liburu-kapitulu argitaratu ditu, nazioarteko aldizkari akademikoetan eta argitaletxe espezializatuetan. Liburu hauen egilea ere bada, besteak beste: ´Martin Ugalde: Cartografías de un discurso´ (Ekin, 2015); ´Espacios de la heterodoxia del exilio´ (Hamaikabide, 2017); ´Notes on Basque Culture: The Aftermath of Epics´ (CLAEH, 2019); ´Memory and Emotion: (Basque) Women’s Stories. Constructing Meaning from Memory´ (Nere Leterekin elkarlanean, CBS Press, 2022); ´Bertso Eskolak: The Schools of Improvisational Verse Singing´ (Iñaki Arrieta Baro eta Xabier Irujorekin elkarlanean, CBS Press, 2022); eta ´Historiography, Myth, Literature´ (CBS Press, 2023).