Kayleigh Karinen: "Euskarak poza eta lotura dakartza, baina baita bidegabekeria historiko baten zama ere"
2025/07/11
Hizkuntza gutxituetan ikerlaria dugu Kayleigh Karinen, eta Helsinkiko unibertsitatean euskal ikasketen irakurletza-programan ikasle ohi izateaz gain, Zuberoako hizkuntza-ideologiak aztertu ditu bere master bukaerako lanean.
Euskara. Kultura. Mundura.

Akaso ez da uste bezain erraza Etxepare Euskal Institutuak Helsinkin (Finlandia) sustatutako euskal ikasketetako ikasle ohi batek elkarrizketa baterako gonbidapena euskaraz erantzutea. Eta aurreikuspen oro desafiatu nahian-edo, hara non aparteko zubereraz idatzitako mezuan jaso dugun haren onarpena. Euskal ikasketetan graduatua da, eta hizkuntza aniztasunean eta humanitate digitaletan masterra du Kayleigh Karinenek, Jyväskyläko (Finalndia) unibertsitateko LAIF iker-taldeko kidea da. Berriki Bogotako Universidad Externado de Colombia unibertsitatean antolatu duten Hizkuntza Gutxituen Nazioarteko Konferentziaren parte hartu du. Bertan, Zuberoako hizkuntza-ideologiei buruzko master amaierako lana aurkeztu du. Larraine, Atarratze eta Mauletik zenbait joan-etorri egin ondoren, eta Euskal Herriko beste hainbat txokotan ibili ondotik, Kayleigh Karinenek tarte bat eskaini digu haren ikerketa-esperientziaz solasteko.
Nongoa zara eta non bizi zara?
Estatu Batuetan jaio eta hazi nintzen, Michiganen, hain zuzen ere. Gaur egun, Helsinkin bizi naiz, Finlandian, nire aita-sustraien lurraldean, eta hemen egon naiz azken zortzi urte eta erdian.
Zerk piztu zizun hizkuntzarekiko eta euskal ikasketekiko interesa?
Erantzun laburra: herri-kirolak. Erantzun luzea: nire truke-urtean hasi zen dena, Salamancan, eta espainiar kulturari buruzko ikastaro batek Euskal Herrira ekarri ninduen. Euskal kulturak bereziki erakarri ninduen bere kirol tradizionalengatik, hala nola zesta-punta, pilota, aizkolaritza eta harri-jasoketa. Askotan, txantxetan esaten dut harri-jasotzea inflexio-puntu izan zela: euskaldunek harriak jasotzen dituzte beren kirol jardunean, eta nik pertsonak altxatzen ditut, horixe izan zen gure hastapeneko lotura. 2014an atera nintzen Espainiatik, euskara ikasi nahi nuela jakinda. Eta aukera hori 2017an Helsinkira joan nintzenean iritsi zen, Etxepare Euskal Institutuari esker, Helsinkiko Unibertsitatean euskal ikasketak eskaintzen zituela-eta. Datu bitxia: nire lehen euskara eskola finlandieraz izan zen, finlandiera lehen aldiz ikasten ari nintzela!
Zerk bultzatu zaitu bereziki Ipar Euskal Herrian ikerketak egitera?
Arrakala nabaritu nuen ikerketan. Hainbeste ikerkuntza egiten ari dira Euskal Autonomia Erkidegoan eta hain ikerketa gutxi dago Ipar Euskal Herriari buruz, zer esanik ez Zuberoari buruz. Zuberoako euskalkiaren ezaugarri indibidualei buruzko azterlanik izan da, baina oso lan linguistiko gutxi, eta Zuberoako 2016ko Kale Inkestan daturik bildu ez zela ikusi nuen. Zortea izan nuen lagun batengandik Hizkuntza Dokumentazioari buruzko uda ikastaro bati buruzko informazioa jasotzeagatik. Formakuntza hartara joateak Zuberoara iristeko aukera eman zidan, eta handik konexio gehigarriak egin nituen lurraldean. Nire ikerketa han egitea erabaki nuen, estatistiken arabera Zuberoan Gipuzkoan bezainbestekoa baita euskararen ezagutza, Gipuzkoa ustez lurralderik euskaldunena izaki. Hala ere, Eusko Jaurlaritzaren datuek eta kaleko erabilerari buruzko inkestek agerian uzten dutenez, euskara, Gipuzkoan halako herena entzuten da Zuberoan. Susmoa nuen hizkuntza-ideologiek zerikusia zutela desoreka horretan.
Zuberoan egin zenuen lan etnografikoan, nabaritu al zenuen interesa bereziki piztu zizunik?
Asko harritu ninduen Zuberoako kantuaren garrantziak. Han egon nintzen bitartean, bertakoak behin baino gehiagotan aditu genituen kantutan, eta argi geratu zitzaidan horrek komunitatean zuen garrantzia. Aurreskua egin ahal izan nuen Larraineko herritarrentzat, bertako musika talde bateko kide zen Nafarroa Behereko musikari batekin batera. Bestalde, aurreko esperientziek Hego Euskal Herrira eraman nindutenez, zinez harritu ninduen hegoaldeko jendeak Baionatik eta Miarritzetik haratago iparraldeari buruz ezer gutxi jakiteak. [Hego] Euskal Herrian eman nuen denbora guztian, elkarrizketatu nituen pertsonak inoiz gutxi izanak ziren Zuberoan, eta ez zirudien bertako errealitate linguistiko eta kulturalei buruz asko zekitenik ere. Sarritan batasunaz hitz egiten duen komunitate batentzat, lurraldeen arteko kontzientziarik eza ironikoa begitandu zitzaidan, alegia, gehiago esploratzea merezi zuela.

Euskal hiztunek euskara ongizatearekin nola erlazionatzen duten aztertzea du helburu zure ikerlanak. Azalduko zenuke zein diren lerroburu nagusiak?
Ondorioetako bat ideologia horiek ongizate indibiduala eta komunitarioa indartzeko eta, batzuetan, zailtzeko gaitasuna dutela da. Zuberoan, oro har, euskararekiko lotura eta atxikipen emozionala ongizatearen alde ageri ziren. Elkarrizketatuetako askok harreman hori termino pertsonal eta emozionaletan deskribatu zuten, eta zenbait hunkitu ere egin ziren hizkuntzak norberarekiko zuen esanahiaz jardutean. Haietako batek aditzera eman zuenez, euskara bere nortasunaren parte da, "nire gorputzaren zati bat [balitz] bezala". Horrek erakusten du zein errotua dagoen norberarengan. Batzuentzat, euskaraz hitz egitea erresistentzia-ekintza izan daiteke; aldiz, errepresiopeko belaunaldien ondoren, sendabide ere bada. Harrotasunak eta aldi berean oinazeak berak zeharkatua da. Hizkuntzak alaitasuna eta lotura dakartza, baina baita bidegabekeria historikoaren zama ere. Era berean, etxean euskaraz ez beste mintzairetan hazi zirenak bazter utzita senti litezke, edo “ez behar bezain euskaldunak”, eta horrek, lotsa, segurtasun eza eta komunitatetik kanpo sentitzea eragin ditzake.
Normaltasunaren ideia zure azterketak deskribatzen duen funtsezko kontzeptuetako bat da. Nola ulertu behar genuke hori?
Hasteko, funtsezkoa da kontuan hartzea nire lana Ipar Euskal Herrian gertatzen dela, non normaltasun-ideiak Hego Euskal Herrikoen oso kontrakoak diren. Zer esan nahi dut honekin? Ipar Euskal Herrian ez da "normaltzat" hartzen ezagutzen ez duzun norbaitekin euskaraz hitz egiten hastea. Oro har, euskararen erabilera ez dago batere normalizatua etxetik kanpo. Hizkuntz ideologia garbizale eta antzinakoek euskara sarritan hizkuntza pribatu eta etxekotua bezala kokatzen dute, herentziari eta benetakotasunari lotua, non “benetako” euskara etxean ikasten dena kontsideratzen den.

Eta nora garamatza normaltasun-pertzepzio horrek?
Testuinguru sozial bat eraikitzen du, non hiztun asko, batez ere hiztun berriak edo etxean euskara ikasi ez zutenak, mintzaira ikasteko adoregabe sentitzen diren, eta zalantzati edo ez-zilegi azaltzen dira hizkuntza erabiltzera. Horrek euskara pertsona- eta espazio-multzo espezifiko bati baino ez dagokiola sustengatzen duen pertzepzioa indartzen du, eta hala, erabilpen zabalago bati eta ikusgarritasunari kalte egiten die. Ideologia horiek neronek ikusezintasunaren begizta deritzodanari men egiten diote: euskara ez denean eremu publikoan aditzen, zinez ez-ohiko bilakatzen da, eta horrek gainerako hiztunak euskaraz mintzatzeko gogogabetzera eraman ditzake. Horrek guztiak normalizazio-ahaleginak are zailago bihurtzen ditu; izan ere, nahiz eta hiztun kopurua handitu, euskara nork, noiz eta non erabil dezakeen sakon errotutako sinesmena ezbaian jartzea ez da inondik ere erraza. Testuinguru horretan, hizkuntza-ideologiak aldatzea, bereziki benetakotzat edo egokitzat jotzen denari dagokionez, hizkuntzaren ikasketara bideratutako ezein laguntza instituzional bezain kritikoa da.
Nola lotzen da normaltasunaren ideia euskararen biziberritzearekin?
Euskal testuinguruan, Estibaliz Amorrortu irakasleak behin esan zidan bezala, ez gara horrenbeste biziberritzeaz ari, normalizazioaz baizik. Bereizketa hori garrantzitsua da: biziberritzeak, askotan, ia galdutako zerbaiti bizia itzultzea iradokitzen du, eta normalizazioak, berriz, hizkuntza eguneroko bizimoduan integratzea. Euskara eguneroko bizitzaren zati natural bihurtzean datza normalizazioa, bitan pentsatu gabe, dendan, lanean edo auzokide batekin hitz egiten. Nire ikerlanaren ifrentzua Maddi Dorronsoro Olamusuren lanean aurki daiteke. Gipuzkoako arnasguneak ditu aztergai eta, haren ikerketak dioskunez, Segura bezalako herrietan hain dago normalizatua euskara, tokikoek ia emantzat edo naturaltzat jotzen baitute. Horixe bera da Zuberoako euskal hiztunek nahi duten normaltasun mota.
Zure ikuspegitik, zer funtsezko alderdi bete beharko lituzke hizkuntza gutxitu batek testuinguru globalean iraun ahal izateko?
Galderaren premisa bera ezbaian jarri nahi nuke. Nire aburuz, hizkuntza gutxitu batek ez du "biziraun" behar maila globalean. Izan ere, hizkuntzen botere-harreman globala kolonizazioaren, deuseztapenaren eta indarraren emaitza izan ohi da. Ingelesa, gaztelania eta frantsesa bezalako hizkuntzak ez ziren zabaldu miresmen organikoagatik; inperioen bidez hedatu ziren. Beraz, hizkuntza gutxituak globalak nola bihur daitezkeen galdetu beharrean, geure buruari galdetu behar genioke: nola ziurta dezakegu mintzaira gutxituek beren komunitateetan aurrera egin dezaketela, baztertzen dituzten ideologia berberak islatzera behartuak izan gabe? Nola laguntzen diegu hizkuntzei toki-mailan erabat bizigarri bihur daitezen, legitimitatearen eta erabilgarritasunaren estandar globaletara egokitu daitezen eskatu gabe?
Xiberoan egin nuen ikerketan eta Euskal Herrian oro har izan nituen esperientzietan, ideologia errepikakorra da "hau Euskal Herria da, beraz, jendeak euskaraz hitz egin beharko luke", aitortu zidan elkarrizketatuetako batek: "Xiberoan edo Euskal Herrian, euskaraz hitz egin beharko genuke. Horrela ulertzen dugu elkar eta horrela bizi gara. Hizkuntzarik gabe, zaildu egiten da. Ez dut ikusten nola bizi zaitezkeen hemen bertako hizkuntza hitz egin gabe. Batzuk euskaldun sentitzen dira, baina hitz egiten ez baduzu, ezin duzu euskal nortasuna erabat esperimentatu". Lehen begiratuan, horrek ahalduntzea irudi luke. Tokiko hizkuntza eguneroko bizitzan zentratzeko eta normaltzat hartzeko nahia islatzen du. Horrelako adierazpenak, alabaina, arriskutsuak dira, frantses eta espainiar estatuetan euskara baztertzen duen nazio-hizkuntza baten ideologia bera islatzen dutelako. Tesian azaltzen dudan bezala, hau da Irvinek eta Galek (2000) "errekurtsibitate fraktala" deitzen dutena: nazio mailan nagusi den ideologia bat herri mailan jakin gabe ugaltzen denean. Kasu honetan, hiztunak tokiko hizkuntzaren harrotasunagatik asmo onez erabilitako argudioak oharkabean islatzen du Frantziako hizkuntza-aniztasuna ezinbestean ezabatzen duen ideologia homogeneizatzaile bera.
Kontraesan horrek funtsezko zerbait adierazten du munduan iraun nahi duen edozein hizkuntza gutxiturentzat: ez ditugu errepikatu behar aurka ditugun logika baztertzaile berberak. «Ezin da euskal nortasuna bete-betean egikaritu hizkuntza hitz egin gabe» esatea hizkuntzaren laudorio dela eman dezake, baina muga arriskutsuak ere ezartzen ditu, kide izan nahi luketen baina oinordetzan jasotako eskuragarritasunik, jariotasunik edo zilegitasunik ez dutenak bazter uzten baititu.
Beraz, ez, nire ustez, euskarak ez du "globalki bizi" beharrik. Tokian-tokian arnasa hartzeko lekua behar du, sostenguz, eta nork hitz egin dezakeen eta hizkuntzarena den zehazten duten ideologiak birplanteatu behar ditu. Eta, gainera, ikuspegi gutxiago perfekzioan. Ikuspegi hori hedapen globala baino askoz jasangarriagoa da.
Azkenik, euskal hizkuntzari buruz ikertzen jarraitzeko asmorik baduzu, edo, behintzat, harekin nolabaiteko harremana izateko asmorik?
Bai, erabat. Hori esanda, jakitun naiz ikertzaile ez euskalduna izateak aukera jakin batzuk muga ditzakeela.
Etxepare Euskal Institutua eta ikerlaria
Etxepare Euskal Institutuak Finlandiako Helsinki unibertsitatean sustaturiko euskal ikasketen inguruko irakurletza-programa batean ikasle gisa hartu zuen parte Kayleigh Karinenek. Gerora, Zuberoako hizkuntza-aldaera izan du ikerketagai bere master amaierako lanean. Haren ikerlana hautatua izan da Hizkuntza Gutxituen Nazioarteko Kongresuan aurkeztua izateko Kolonbian, eta Etxepare Euskal Institutuak ikerketaren emaitzak aurkez ditzan laguntza bideratu du.