Jon Bilbao Katedra 2025: Elena Martin
Euskara. Kultura. Mundura.
-
04Ira 202514Ira 2025
Reno
Etxepare Euskal Institutuak Nevada-Renoko unibertsitatean sustatutako Jon Bilbao Katedrako aurtengo ikerlari gonbidatua Elena Martin izango da.
Madrilgo Complutense unibertsitatean Arte Ederretan doktoreduna da Elena Martin, Jorge Oteizaren lanari buruzko doktore-tesiaren egilea. 2003tik Oteiza museoaren kontserbazio-saileko arduraduna da, eta 2017. urtetik Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Garaikidearen Kontserbazio eta Erakusketa masterrean irakasle dihardu.
Jon Bilbao Katedraren baitan egingo duen ikerketa-egonaldiaren helburu nagusia Jorge Oteizaren pentsamendua eta obra sustatzea eta zabaltzea da, ezagupen-trukera, euskal artearen ikerketara, eta Estatu Batuetako proiektuen lankidetza eta garapenera bideratutako ekintzen bitartez. Jarduera nagusietako bat ‘JORGE OTEIZA: HELBURU ESKULTORIKOA, TEORIKOA, SINBOLIKOA ETA SOZIALA’ konferentzia izango du katedrak, irailaren 9an, Nevada-Renoko Unibertsitateko Euskal Ikasketen zentroan. Bestalde, egonaldiaren mugarri nabarmenetakoa Reno Tahoe International Art Show azokan parte-hartzea izango da irailaren 11tik 13ra, non eta artearen inguruko mahai-inguru baten izango den ikerlari gonbidatua irailaren 12an. Azokan bertan, Oteizaren inguruko ezagutza partekatzea eta erakusketa-, argitalpen- zein hedapen-proiektu bateratuak irudikatzea izango du xede.
Jon Bilbao Katedra
2014an sortua, katedraren helburua da euskal diasporari eta euskal kulturari buruzko ikerketa eta ezagutza nazioartean sustatzea eta horretarako lankidetzan jardutea. Katedrak irakasle bisitari batentzako ikerketa-beka sortu du, Jon Bilbao Visiting Research Fellow deiturikoa, urtero edo bi urtean behin berritzen dena. Onuradunak Nevada-Renoko Unibertsitateko Center For Basque Studies-en izango du egoitza, hori baita Ameriketako Estatu Batuetako euskal diasporaren gaineko ikasketetako irakaskuntza eta ikerketa erakunde nagusia. Egonaldiari lotuta ikertzaile gonbidatuak ikerketa lanaz gain, zeregin nagusietakoa du ikerketa emaitzen zabalkunde lana egitea nazioartean.