Bertsolaritza nazioartean zabaltzeko dokumentala

2018/12/04

Euskara. Kultura. Mundura.

What is bertsolaritza? (Zer da bertsolaritza?) galdera honi erantzunez gauzatu den 20 minutuko ikus-entzunezkoaren izenburua da. Nazioartean bertsolaritza zer den erakusteko helburu argiarekin, Etxepare Euskal Institutuaren, Mintzola Ahozko Lantegiaren eta Laboral Kutxaren lankidetzari esker gauzatu ahal izan da dokumental hau. Gaur bertan izango da estreinaldia, Tabakalera eraikineko Z aretoan, 18:30ean.

What is bertsolaritza? (Zer da bertsolaritza?) galdera honi erantzunez gauzatu den 20 minutuko ikus-entzunezkoaren izenburua da. Nazioartean bertsolaritza zer den erakusteko helburu argiarekin, Etxepare Euskal Institutuaren, Mintzola Ahozko Lantegiaren eta Laboral Kutxaren lankidetzari esker gauzatu ahal izan da dokumental hau. Gaur bertan izango da estreinaldiaTabakalera eraikineko Z aretoan, 18:30ean.

Bertsolaritza praktika unibertsala eta bakarra da. Unibertsala dela diogu, kantu inprobisatua kultura askotan gertatzen den fenomenoa delako. Baina, aldi berean, bakarra da, beste hainbat faktoreren artean, euskaraz egiten delako. Praktika bitxi honen berri emango zuen lana egiteko ideia 2017. urtean sortu zen, Etxepare Euskal Institutuaren eta Mintzola Ahozko Lantegiaren ekimenez, Bertsolari Txapelketa Nagusia martxan zela.

Dokumentalak bertsolaritzaren testuingurua, sormen-prozesua eta gaur egungo egoera kontatzen ditu. Alde batetik, Bertsolari Txapelketa Nagusia baliatuz, Euskal Herri mailan bertsolaritzak duen oihartzuna erakusten da eta, aldi berean, Europan eta munduan kokatuz, atzerriko ikertzaileek eta inprobisatzaileek bertsolaritzari buruz duten ikuspuntua ezagutarazten da. Horrez gain, bertsolaritzak garaikide izaten jarraitzeko eman dituen pausoak azaltzen dira: belaunaldiartekotasuna eta emakume bertsolarien ekarpena, besteak beste. Azkenik, bertsolaritzaren mugimenduaren errepaso azkar bat egiten da: herriz herriko bertso plazak, bertso eskolak, bertsolariak edota Bertsozale Elkartea. Hau guztiaz gain, bertsoaldi batzuk ere baliatu dira adibide moduan, bertsolaritzaren berri ez dutenek oinarrizko ezagutza bat izan dezaten.

Dokumentala Bertsozale Elkarteko ikus-entzunezko lantaldeak zuzendu eta ekoiztu du, Xabier Payak landutako gidoian oinarrituta. Nazioartean bertsolaritza zer den azaltzeko xedea duenez, ingelesez garatu da gehien bat (bertsoaldien irudiak izan ezik, hauek euskaraz baitira), eta euskaraz, gazteleraz eta frantsesez jarri zaizkio azpitituluak.

Proiektuan parte hartu duten hiru erakundeek urteak daramatzate atzerrian euskara eta euskal kultura ezagutarazten. Proiektu honetarako indarrak batu dituzte eta, bertsolaritzaren praktika nazioartean zabaltzeko asmoz, lana webgunean eskuragarri jarri dute, esteka honetan.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu