‘Bi mundu’ abestia sortu du Xabi Solanok, kulturen arteko konexioen ingurukoa

Euskara. Kultura. Mundura.

2022-06-20

‘Bi mundu’ abestia sortu du Xabi Solanok, Elkanok munduari emandako lehenengo biran inspiratuta, Elkano Fundazioaren eta Etxepare Institutuaren elkarlanari esker. Kulturen arteko konexioen ingurukoa, ‘Bi mundu’ konposatzeko, Solanok Cabo Verdera egin du bidaia, eta bertako artistekin egoteko aukera izan du, hala nola Tressarekin, Solangerekin edo Pascoal Fernández cimboa izeneko instrumentuaren azken interpretearekin. Ferrinho eta cavaquinho Cabo Verdeko musikako instrumentu tradizionalek ere bat egin dute Solanoren trikitixa eta panderoarekin.

Elkano Fundazioa Etxepare Euskal Institutuarekin aritu da elkarlanean bidaia berri honen antolaketan. Irene Larraza Institutuko zuzendariak “gure historiaren ezagutzan eta dibulgazioaren arloan Elkano Fundazioa egiten ari den lana” nabarmendu du abestiaren aurkezpenean, Etxepare Euskal Institutuaren euskara eta euskal kultura munduan ezagutarazteko xedearekin bat egiten duena: “Besteak beste kulturen arteko bizikidetzan sakonduz, Elkano Fundazioaren bi kultur proiektutan parte hartu dugu. Lehenengo, Joseba Sarrionandiaren ‘Munduari bira eman zion ontzia’ liburua beste hizkuntza batzuetara itzultzen, kanpoan ere irakur dezaten, eta orain Xabi Solanok sortutako abestiaren nazioarteko dimentsioa babesten. Uste dugu gure burua ezagutarazteko eta besteak ezagutzeko era interesgarriena dela kultura, eta horretan, gure sortzaileak direla enbaxadorerik onenak. Orain aurkeztutako abestia horren lekuko da, bi mundu, edo mundu gehiago, bakarrera ekartzen baititu, musikaren bitartez”.

Elkanoren lehenengo biran inspiratutako abesti honen helburua hasieratik izan da euskal kultura birkokatzeko balioko duten beste ahots eta kontakizun batzuk bilatzea, bai eta beste instrumentu eta kultura batzuk ere. Horrela, asko izan dira kantu horretako parte hartzaileak.

Besteak beste, Arkaitz Miner, Txus Aranburu, Ander San José, Iñigo Egia, Aitor Zabaleta eta Moonshine Wago taldea. Amaierako nahasketa Rafa Sardina musika-produzitzailearen estudioan egin da, Los Angelesen. Sardina 18 Grammy dituen bizkaitarra da. Abestia entzungai dago Spotifyn eta Youtuben.

 

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko

Harpidetu