Bikaintasuna Euskal Ikasketetan X

Euskara. Kultura. Mundura.

Bikaintasuna Euskal Ikasketetan X
  • 08
    Uzt 2020
    09
    Uzt 2020
    Donostia

Etxepare Euskal Institutuak, urtero bezala, euskararen irakaskuntza helburu duen bi eguneko ikastaro bat antolatu du UPV-EHUko Udako Ikastaroekin lankidetzan, Donostiako Miramar jauregian.  Ikastaroak Etxepare Euskal Institutuak munduan zehar duen irakurletza sareko euskara eta euskal kultur irakurleei formakuntza ematea du xede; baina interesa duen edonorentzat dago zabalik.

Etxepare Euskal Institutuaren irakurletza sarea Euskal Herritik kanpoko 35 unibertsitatez osatua dago eta horietan euskara eta euskal kultura irakasten duten irakurleak 29 dira aurten. Institutuak haien formakuntza bultzatzeko edota etorkizunean irakurle izan nahi duten horientzako hainbat ikastaro antolatzen ditu urtean zehar, eta ikastaro ireki hau da horietako bat.

Aurten, COVID-19ak eragindako larrialdi egoera dela eta, ikastaroa bi modutan eskainiko da: batetik, egitaraua urtero egin izan den moduan garatuko da Miramar jauregian, hizlarien eta entzuleen aurrez aurreko presentziarekin (nahiz aditu batzuk atzerritik konektatuko diren pantailen bitartez). Bestetik, ordea, nahi duenak online modalitatean izena eman eta nonahitik jarrai dezake ikastaroa, plataforma digital baten bitartez.

Aurtengo udako ikastaroak ‘Bikaintasuna Euskal Ikasketetan X: aniztasuna euskal kulturan’ du izena, eta bizi dugun garai honetan aniztasunak euskararen eta euskal kulturaren irakaskuntzan duen eragina eta irakaskuntza horri egin diezaiokeen ekarpena aztertuko dira bertan. Horretarako, Garbiñe Iztueta Goizueta Etxepare Euskal Institutuko Euskara Sustatu eta Hedatzeko zuzendariaren gidaritzapean antolatutako ikastaro honek hizkuntzaren, zinemaren, literaturaren eta, oro har, kulturaren esparruan aniztasuna ikertu duten adituak gonbidatuko ditu.

10 aditu gonbidatu dituzte aurtengo ikastarora hitzaldiak ematera (Garbiñe Iztuetaren aurkezpenaz gain): Lorea Agirre Dorronsoro (Jakin aldizkariko zuzendaria), Garazi Ansa Arbelaitz (arte historialaria), Adolfo Arejita Oñarte-Etxebarria (euskal filologian aditua), Andoni Barreña Agirrebeitia (hizkuntza ikerlaria), Ander Beristain (hizkuntzalaria eta euskara eta euskal kultur irakurlea), Itxaro Borda (idazlea), Estibaliz Ezkerra (literaturan doktore eta euskara eta euskal kultur irakurlea), Iratxe Fresneda Delgado (zinegile eta irakaslea), Monika Madinabeitia Medrano(Mondragon Unibertsitateko irakaslea eta ikerlaria) eta Unai Nafarrate Errasti (hizkuntzalaria eta euskara eta euskal kultur irakurlea).

Ikastaroa Donostiako Miramar Jauregian egingo da eta 20 orduko balio akademikoa izango du. Horrez gain, amaitzean titulu bat emango zaio parte hartu duen orori.  Matrikulatzeko epea zabalik da honezkero; esteka honetan aurki daiteke informazio osatua eta izen-emate orria.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu