Bikaintasuna Euskal Ikasketetan XIII

2023/04/26

Euskara. Kultura. Mundura.

Etxepare Euskal Institutuak, urtero bezala, euskararen irakaskuntza helburu duen ikastaroa antolatu du UPV/EHUko Udako Ikastaroekin lankidetzan. Aurtengoan lehen aldiz lantegi modura antolatuta dago ikastaroa, euskara eta euskal kultura irakasten dutenen eguneroko jardunerako tresnak eskaintzeko helburuarekin.

 ‘Euskal kultura nazioartean eta eremu eleanitzetan irakasteko lantegia’ izenburupean burutuko da ikastaroa, uztailaren 19an eta 20an.

Aurtengo Bikaintasuna Euskal Ikasketetan ikastaroa lantegi formatuan izango da hein handi batean. Bi zati nagusi izango ditu ikastaroak. Alde batetik, sarrera gisako hitzaldiak eskainiko dira, proposamen zehatzak aurkeztera bideratuko direnak, eta bestetik, taldekako lan-saioak izango dira, hitzaldietako proposamen horietatik eta norberak dakarrenetik abiatuta gauzatuko direnak.

Ikastaroak Institutuak munduan zehar duen gaur egungo eta etorkizuneko irakurletza sareko euskara eta euskal kultur irakurleei formakuntza ematea du xede; baina interesa duen edonorentzat dago zabalik.

Ikastaroen helburua Nazioartean euskara eta euskal kultura irakasten ari(tuko) direnen curriculum proposamenak ezagutzea izango da, euskal kultura, euskararen didaktika, literaturaren irakaskuntza, zinema eta ingurumen humanitateen alorrean. Entzundako proposamenetatik abiatuta egoera eta herrialdeen araberako proposamenak landuko dira, taldekako lanaren bidez. Euskal kulturaren kanona eta didaktika lantzea izango da helburu orokorra,  testuinguru eleanitzak gogoan hartuta.

Ikastaroan parte hartzeko bi aukera izango dira:

  • Hitzaldietan soilik parte hartzuz (aurrez aurre edo online). Aukera honek 10 orduko ikastaroa egitea eskatzen du. Sakatu hemen matrikula modalitate honetan egiteko.
  • Aurrez aurre, hitzaldietan eta lantegietan parte hartzen. Aukera honek 20 orduko ikastaroa egitea eskatzen du. Sakatu hemen matrikula modalitate honetan egiteko.

Aurtengo beste berrikuntza bat izango da, 25 urte arteko gazteek deskontua izan dezalketela matrikulan. Ikastaroaren balioa 25€koa izango da maiatzaren 31 baino lehen matrikulatzen diren 25 urte arteko ikasleentzat.

Ikastaroa Garbiñe Iztueta Goizuetak, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikerlariak, eta Monika Madinabeitia Mendarok (Etxepare Euskal Institutuko Euskara Hedatu eta Sustatzeko Zuzendariak) zuzenduko dute.

Hizlariak

Ikastaro honek egungo irakurleen eta etorkizunekoen prestakuntza sendotu nahi du, eta horretarako, euskararen eta euskal kulturaren jakintza arlo desberdinetako adituek hartuko dute parte, aurreko urteetako bide beretik. Horien artean daude, Harkaitz Cano Jauregi (idazlea), Ziortza Gandarias Beldarrain (Boise State University-n euskal ikasketen irakaslea), Maitane Ostolaza Esnal (Université de Perpignanen irakaslea eta ikerlaria), Xabier Paya Ruiz (sortzailea, kultur kudeatzailea eta irakurle ohia), Unai Zaballa Clares (Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoan euskara eta euskal kultura irakurlea) eta Maddalen Subijana Puelles (euskara eta euskal kulturako irakurlea da Berlingo Freie Unibertsitatean).

Lantegiak

Aurtengo Bikaintasuna Euskal Ikasketetan ikastaroa lantegi formatuan izango da hein handi batean. Sarrera gisako saio labur batzuk eskainiko dira adituen eskutik, proposamen zehatzak aurkeztera bideratuko direnak. Ondoren, proposamen horietatik eta norberak dakarrenetik abiatuta, taldeka egingo dugu lan. Taldeak saioetako gaien inguruan antolatuko dira. Amaieran, talde bakoitzak landutako emaitza partekatuko du gainerako taldeekin.

Ikastaroko programa webgunean kontsultatu daiteke.

Etxepare Euskal Institutua

Euskara eta euskal kultura nazioartean sustatu eta hedatzea du helburu Etxepare Euskal Institutuak. Gaur egun, 34 irakurletza ditu Euskal Herritik kanpoko unibertsitateetan, eta horietan euskara eta euskal kulturako 28 irakasle ari dira lanean. Horiez gain, 12 katedra ere sortu ditu, beste horrenbeste unibertsitatetan. Ikastaro honek egungo irakurleen eta etorkizunekoen prestakuntza sendotu nahi du eta, horretarako, euskararen eta euskal kulturaren jakintza arlo ezberdinetako adituak gonbidatu ditu, aurreko urteetako bide beretik. Hortik “Bikaintasuna Euskal Ikasketetan XII” izenburua.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu