‘Bikaintasuna Euskal Ikasketetan XIV’ ikastaroak euskara eta euskal kultura ikasleen motibazioa eta ebaluazioa izango ditu ardatz
Euskara. Kultura. Mundura.
Etxepare Euskal Institutuak, urtero bezala, euskararen irakaskuntza helburu duen ikastaroa antolatu du UPV/EHUko Udako Ikastaroekin lankidetzan. Ikastaroaren helburua egungo eta etorkizuneko irakurleen prestakuntza indartzea da, eta aproposa da ere hizkuntzen eta humanitateen irakaskuntzan interesa duen edonorentzat. Aurten, ‘Bikaintasuna Euskal Ikasketetan XIV: nolako irakaslea, halako ikaslea?’ izenburupean, ikastaroak goiz bateko programa eskainiko du, profesional eta aditu nabarmenen eskutik motibazioa eta ebaluazioa erdigunean jarriz.
Uztailaren 10ean egingo da, goizez eta aurten online zein aurrez aurre egiteko aukera izango da. Matrikulazio epea zabalik dago. Maiatzaren 31ra bitartean gazte tarifa eta aplikatu ahal izango dute 25 urtetik beherako ikasleek. Beste motako deskontu batzuk ere aktibo daude epe berdinarekin.
Ikastaroak egungo irakurleen eta etorkizunekoen prestakuntza sendotu nahi du. Bide batez ere, formakuntza hau aproposa da hizkuntza eta humanitateen irakaskuntzan interesa duen edonorentzat, baita nazioartean zein testuinguru eleanitzetan euskara eta euskal ikasketak irakasten ari(tuko) direnentzat.
Ikastaroa Monika Madinabeitia Medranok (Etxepare Euskal Institutuko Euskara Hedatu eta Sustatzeko Zuzendariak) zuzenduko du.
Programa
Hitzaldi formatuko saioen bitartez, ikasleen motibazioan eragiteko modu ezberdinak hainbat ikuspegitatik aztertuko dira, eta ikasitako metodologiak, tresnak eta baliabideak praktikan jarri ahal izateko irizpideak partekatuko dira.
Ikastaroaren programari dagokionez, motibazioa hizpide izanda hasiko da formakuntza, ondoren, literatura, hizkuntza eta IKT-ak oinarri hartuta, zer baino, nola erakutsi lantzeko. Bukatzeko, ebaluazioaren gaia jorratuko da, pista berriak bilatuaz eta hausnarketan ere azpimarra jarriaz. Programa osoa eskuragarri dago hemen.
Hizlariak
Hezkuntza eta didaktikaren jakintza arlo ezberdinetako adituak gonbidatu ditugu, aurreko urteetako bide beretik. Horien artean izango dira, Naiara Arriola (Oinarrizko Psikologia Prozesuak eta hauen Garapen saileko irakaslea, EHU/UPV), Mikel Babiano (Doktoregaia euskal ikasketen arloan, EHU/UPV), Idurre Alonso (Hizkuntza eta Literatura saileko irakaslea eta ikerlaria, Mondragon Unibertsitatea), Unai Atutxa eta Mikel Iruskieta (Hitz Zentroko IXA ikerketa-taldeko kideak, EHU/UPV), eta Neus Sanmartí (Enseñanza de las Ciencias aldizkariko zuzendari ohia UABeko LIEC taldeko kide ohia).
Etxepare Euskal Institutua
2010ean sortu zenetik, Etxepare Euskal Institutuak Euskal Ikasketen ikusgarritasuna eta hauen integrazioa sustatu du mundu osoko unibertsitateetan eta goi-mailako ikasketa zentroetan. Gaur egun, Institutuaren lankidetzari esker, Europa, Amerika eta Asiako 35 unibertsitatek euskara eta euskal kultura eskaintzen dituzte beren gradu eta graduondoko curriculumetan, eta horietan euskara eta euskal kulturako 28 irakasle ari dira lanean. Horiez gain, 12 katedra ere sortu ditu, beste horrenbeste unibertsitatetan.