Bikaintasuna Euskal Ikasketetan XVI: Euskara oholtzetan: musika, hizkuntza, nazioartea
Euskara. Kultura. Mundura.
Hitzaldi formatuko saioen bitartez, musikaren eta euskararen arteko harremana aztertuko da. Musikan euskarak duen presentzia, gaur egun euskaraz sortzen den musika-aniztasuna, sortzaileek egiten dituzten hizkuntza-hautuak eta horiek nazioartekotze prozesuetan duten eragina.
Euskara eta euskal kultura nazioartean sustatzea eta ezagutaraztea dugu helburu. Gaur egun, 33 irakurletza ditugu Euskal Herritik kanpoko unibertsitateetan, eta bertan 27 irakurle ari dira lanean euskara eta euskal kulturaren irakaskuntzan. Horiez gain, 12 katedra sortu ditugu beste horrenbeste unibertsitatetan.
Ikastaro honek egungo irakurleen eta etorkizunekoen prestakuntza sendotu nahi du. Aurten, Euskal Herriko Musika Bulegoa Elkartearekin elkarlanean, musika alorreko adituak gonbidatu ditugu. Aurreko urteetan urratutako bide beretik, Bikaintasuna Euskal Ikasketetan XVI izenburua izango du aurtengo uda ikastaroak.
- Gaur egungo euskarazko musikaren eta musikagintzaren egoerari buruzko ezagutza eguneratzea, joera nagusiak eta sortzaile berriak ezagutuz, batez ere kontuan izanda irakurleak nazioartean daudela ikasturte osoan.
- Euskal musikariek nazioarteko testuinguruetan izan ditzaketen erronkak, beharrak eta erabaki estrategikoak identifikatzea, hizkuntza-hautuen eraginari erreparatuta.
- Euskara eta musika sortzaileen arteko harremana sakontzea, hizkuntzak sorkuntzan, estiloetan eta publikoengan duen eragina aztertuz.
- Nazioartekotzearen ikuspegitik hizkuntza-politikek eta kultur estrategiek duten garrantzia aztertzea, bai sortzaileentzat bai, eragile kulturalentzat.
- Euskal musikaren gaia unibertsitateetan modu erakargarrian eta gaurkotasunez lantzeko irakurleei eta etorkizuneko irakurleei tresnak eskaintzea.
Musikaren eta euskaren arteko harremanari buruzko hausnarketa egin ezazu aditu eta profesional nabarmenen eskutik.
DATAK: UZTAILAK 8
FORMATUA: AURREZ AURREKOA / ONLINE
HIZKUNTZA: EUSKARA
BALIO AKADEMIKOA: 10 ORDU
PREZIOA: 25 EUROTIK HASITA
Egun bateko saioa, goizez. Aurrez aurre edo online egin ahal izango da.
Musikan eta musikagintzan diharduten sortzaileen erronkak aletuko ditugu, euskararen eta musikaren arteko harremanean sakonduz.
Interesa duen publiko orokorrarentzat, unibertsitateko ikasleentzat zein unibertsitatekoak ez direnentzat, irakasleentzat, musika sektoreko profesionalentzat, bai eta euskara kanpoan irakasten duten profesionalentzat edo asmoa dutenentzat ere.
- Gaur egungo euskarazko musikaren eta musikagintzaren egoerari buruzko ezagutza eguneratzeko, eta joera nagusiak eta sortzaile berriak ezagutzeko.
- Nazioarteko testuinguruetan euskal musikariek izan ditzaketen erronkak, beharrak eta erabaki estrategikoak identifikatzeko, hizkuntza-hautuen eraginari erreparatuz.
- Euskara eta musika sortzaileen arteko harremana sakontzeko, hizkuntzak sorkuntzan, estiloetan eta publikoengan duen eragina aztertuz.
- Euskal musikaren gaia unibertsitateetan modu erakargarrian eta gaurkotasunez lantzeko.
- Etorkizunera begira euskarak dituen erronken berri izango duzulako.
- Gauza berriez gain, zure ezagutza eta ohiturak birziklatzeko balioko dizulako.
- Etxepare Euskal Institutuak urtero antolatzen dituen Euskal Ikasketen irakasleak hautatzeko deialdietarako puntuak lortuko dituzulako.
09:00 - 09:15 Erregistroa
09:15 - 09:25 Jardueraren zuzendaritzaren aurkezpena
- Monika Madinabeitia Medrano | Etxepare Euskal Institutua - Euskara Sustatzeko eta Hedatzeko zuzendaria
- Irene Larraza Aizpurua | Etxepare Euskal Institutua – zuzendaria
- Maddi Arana | Euskal Herriko Musika Bulegoa – lehendakaria
09:30 - 10:10 Euskal musikaren sektorea gaur egun
Arkaitz Villar | Euskal Herriko Musika Bulegoa
10:15 - 10:30 Hizkuntza hautuak I
Maren Berzosa
10:30 - 10:45 Hizkuntza hautuak II
Jurgi Ekiza
10:50 - 11:15 Hizkuntza hautuen eragina
Amaia Ispizua, Get in
11:20 - 11:45 Letraren garrantzia jendartera iristeko
Jon Maia
11:45 - 12:15 Atsedena
12:15 - 13:45 Mahai ingurua: musika euskaraz, nazioarteratzerakoan zer?
- Arkaitz Villar
- Jurgi Ekiza
- Maren Berzosa
- Amaia Ispizua
- Jon Maia
- Irene Larraza Aizpurua
13:45 - 14:00 Itxiera
- Monika Madinabeitia Medrano
- Maddi Arana
Matrikula zaitez hemen.
Ezagutu ikastaroko hizlariak
-
Arkaitz Villar
Euskal Herriko Musika Bulego Elkarteko proiektu arduraduna
Gaztea irratian eta eitb.eus atarian postu ezberdinetan aritu da, eta musikan espezializatutako hainbat komunikabidetan kolaboratzaile izan da. 2016az geroztik, Kultura Liveren (Euskal Herriko Musika Aretoen Elkartea) koordinatzailea da. Euskal Herriko musika nazioartekotzeko helburu duen Basque. Music. plataformaren koordinazio lanetan dihardu Musika Bulegoan. Hainbat nazioarteko sare eta paneletan parte hartu du.
-
Maren Berzosa
Musikaria eta abeslaria
Gazte-gazterik, hamalau urterekin, ‘Alguien Sin Vergüenza’ lehen EPa argitaratu zuen. Uda hartan eskaini zituen lehen kontzertuak. ‘Margharitas y Lavanda’ lehen diskoa 2021ean kaleratu zuen hamazortzi urterekin. Gaztetasunak eta berezitasunak markaturiko ibilbidean, Espainiako agertoki garrantzitsuenetan bira egin du, eta ‘Qué Lastima’ (2024) lan ausart eta pertsonalaren bitartez behin betiko kolpea eman du. Lan horrek rockaren eraginak eta egungo soinuak nahasten ditu, iraganaren eta egungoaren arteko oreka bilatze aldera.
-
Jurgi Ekiza
Musikaria eta sortzailea
Bere ibilbidea rock eta musika alternatiboaren inguruan garatu du. Batez ere, Willis Drummond taldearekin ezaguna egin da eta bere bakarkako proiektuan, Ekiza izenez ezaguna, ahots propio eta intimoago bat landu du. Bere proiektu eta sormen lanek euskara dute ardatz. Willis Drummond taldeak 2024an etenaldi mugagabea iragarri zuenetik, artistak bere bakarkako proiektuari eman dio lehentasuna, eta berriki ‘Argitzala’ (2025) diskoa kaleratu du.
-
Maddi Arana
Biolinjolea eta Euskal Herriko Musika Bulego Elkartearen lehendakaria
Prestakuntza klasiko zabala izan du biolinjole gisa. Goi-mailako ikasketak Berlinen eta Musikenen egin zituen, eta ondoren Kataluniako ESMUC eskolan masterra egin zuen. Urteetan zehar bakarlari gisa aritu da nazio eta nazioarteko prestigioa duten hainbat auditoriotan. Gaur egun, Euskadiko Orkestrako kidea da. 2023ko martxotik, bere musika jarduna Musika Bulegoko lehendakari karguarekin batera uztartzen du, elkarte horretan Musikagileak elkartearen lema ordezkatuz.
-
Amaia Ispizua
Get In agentziako sustatzailea
20 urte baino gehiago daramatza zuzeneko musikaren sektorean lanean. Syntorama edo Jazzaldia bezalako enpresetan lan egin du, eta, 10 urte baino gehiago daramatza Get In-en ekitaldiak sustatzen. Musika-ekitaldiak luze-zabalean antolatu ditu: ticketinga, promozioa eta marketina, Business Plana, logistika, etab. Musika Bulegoko eta Musika Industriaren Elkarteko (MIE) zuzendaritza-batzordeko kidea da, baita MiM (Mujeres en la Industria de la Música) elkarteko bazkidea ere.
-
Jon Maia
Bertsolaria, kantaria, idazlea
Euskal Herriko eta Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalista izana hainbat alditan. Hainbat hedabidetan kolaboratzaile lanetan aritu da. Horrez gain, abeslari gisa bere ibilbidea egin du. Hezur beltzak taldea sortu zuen, eta ‘Kantu bat gara’ eta ‘Kantu berri bat gara’ musika-proiektuak garatu ditu. Konta ahala musika talderen eta bakarlariren letragilea da. Dokumentalgintzan zuzendari eta gidoigile gisa lan egin du. Idazle gisa, telebistako gidoiak eta liburuak idatzi izan ditu.
-
Monika Madinabeitia
Etxepare Euskal Institutuko Euskara Sustatu eta Hedatzeko zuzendaria eta uda-ikastaroaren zuzendaria
Ingeles Filologian lizentziatua da eta Ipar Amerikako Mendebaldeko literaturan doktorea, Euskal Herriko Unibertsitatean. 2005 urtetik Mondragon Unibertsitatean, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean aritu da irakasle eta ikerlari. Identitateak, kultura, migrazioa eta euskal diasporak ditu ikergai.