Nazioarteko musika-azoka eta -topaketetan parte hartzeko deialdiak irekita

2025/12/22

Euskara. Kultura. Mundura.

Euskal musika sektoreari zuzenduriko bi deialdi jarri dira martxan egunotan. Batetik, BIME Bogotá musika azoka profesionalaren bosgarren edizioan parte hartzeko deialdia. Bestetik, Dantz Network Congress nazioarteko musika elektronikoari dagokion kongresuan parte hartzeko deialdia.

BIME Bogotá

BASQUE. MUSIC.-ek eta BIMEk euskal talde edo bakarlari batek BIME Bogotá musika azoka profesionalaren laugarren edizioan parte hartzeko deialdi bat abiatu dute. Deialdi honetan parte hartzeko galdetegi hau bete behar da 2026ko urtarrilaren 19a arte (barne).

Showcase honetan arituko den euskal talde edo bakarlaria BIME PRO-k aukeratuko du eta behin erabakia hartu ondoren BASQUE. MUSIC. arduratuko da zabalkundeaz.

Gainera, hautatutako artistak edo taldeak kongresuaren hiru jardunaldietan parte hartzeko eta nazioarteko musikaren industriako arlo guztietako profesionalekin harremanetan jartzeko aukera izango du.

Hautatutako taldeak BIME Bogotá-ren baitan BASQUE. MUSIC.-ek antolatuko duen showcase emanaldian parte hartuko du, Bogotan (Kolonbia) 2025eko maiatzaren 5etik 7ra bitartean.

BASQUE.MUSIC.-etik kontzertu hau aurrera eramateko gastuak ordainduko dituen laguntza eskainiko da. Kontzertua eskaintzeaz gain, aukeratutako proposamenak jarduera profesionalen programaziorako sarbidea ematen duten akreditazioak izango ditu (gehienez 4 akreditazio aukeratutako proiektu bakoitzeko) eta BIMEren sorkuntza saio batean parte hartzeko aukera ere izango du. Horrezaz gain, aireportutik hotelera (joan-etorria), hoteletik kontzertu aretora (joan-etorria) eta hoteletik grabaketa estudiora (joan-etorria) transferrak ordainduko zaizkio.

Deialdi honi dagokion edozein zalantza helarazteko, honako helbide elektroniko hau jarri da eskuragai: proiektuak@musikabulegoa.eus

Dantz Network Congress

Musika elektronikoaren eta abangoardiako sektorearen nazioarteko Dantz Network Congress kongresuaren bigarren edizioa Donostian burutuko da, 2026ko martxoaren 4tik 7ra bitartean. Kursaal Kongresu Jauregian eta Auditorioan hitzaldiak, mahai-inguruak eta networking jarduerak egingo dira, sektoreko nazioarteko adituen parte-hartzearekin.

Martxoaren 6tik 7ra bitartean Donostiako Sagues-en Dantz Stage karpa atonduko da. Gune honetan burutuko den jaialdian lehen mailako nazioarteko artistek parte hartuko dute.

Dantz Network Congress topaketak programazio zabala izango du eta bere baitan jarduera profesional ezberdinak hartuko ditu: hitzaldiak, adituen panelak, tailerrak, networking-saioak eta musika elektronikoaren arloko abangoardiazko soinu-esperientziak.

BASQUE. MUSIC.-ek, Dantz-ekin lankidetzan, Euskal Herriko 3 artistak (ekoizle, musikagile, musikari edo DJ) Dantz Network Congress-en parte hartzeko deialdia zabaldu du.

Aukeratutako proposamenek nazioarteko profesionalen aurrean antolatuko diren pitch aurkezpenetan bere lana aurkezteko aukera izango dute. Nazioarteko profesionalekin bilerak izango dituzte speed meeting saioetan, eta martxoaren 5ean antolatuko den BASQUE. MUSIC. showcasean parte hartzeko aukera ere izango dute. Hiru artista hauetako batek 2026an antolatuko den nazioarteko Dantz Point batean parte hartzeko aukera izango du.

Kongresu profesionalak iraungo dituen hiru egunetan zehar akreditatu gisa joateko aukera ere izango dute. Bertan, sareak sortu ahal izango dituzte eta kultura- eta sormen-industrietako arlo guztietako profesionalekin harremanetan jarri ahal izango dira.

Deialdian parte hartzeko galdetegi hau bete behar da 2026ko urtarrilaren 19a baino lehen. Dantz-ek hautatuko ditu 3 artistak. BASQUE.MUSIC. showcasesetan parte hartzeko aukeratutako artistei laguntzeko irizpideak honako dokumentu honetan kontsulta daitezke.

BASQUE. MUSIC.

BASQUE. MUSIC. Euskal Herriko musika sorkuntza eta industria nazioartekotzeko plataforma da; Eusko Jaurlaritzak, Etxepare Euskal Institutuak eta Musika Bulegoak lankidetzan garatutako ekimen publiko-pribatua.  

Jaso abisuak zure posta elektronikoan zure intereseko deialdiak irekitzen direnean.

Harpidetu
?>