Euskal kultura garaikidearen plaza Festival Eñen

2025/11/13

Euskara. Kultura. Mundura.

Festival Eñe literatur jaialdiak literaturako ahots ezagunak biltzen ditu udazkenero Madrilen, hiria idazle, liburu eta irakurleen topagune bihurtzen delarik. Aurtengo edizioa azaroaren 11n hasi da eta, beste behin ere, euskal kulturari eta literaturari tartea eskainiko dio, hitza, zinea eta musika uztartuko dituen egitaraua osatuz. Etxepare Euskal Institutuak sustaturik, Katixa Agirrek ondutako programazioa da aurtengo edizioko euskal literaturaren leihoa, eta euskal sorkuntza garaikideko ahots nabarmenetariko zenbait plazer garaikideen inguruan jarriko ditu solasean.

Euskal literaturaren leihoa azaroaren 15ean izango da, Madrilgo Círculo de Bellas Artes-eko dantza aretoan, eta belaunaldi eta sorkuntza-diziplina ezberdinen arteko ahotsak parez pare jarriko ditu.

Hala, lehen solasaldian Sara Fantova zinema zuzendariak, bere lehen luzemetraia ‘Jone, batzuetan’ estreinatu ondotik, Uxue Alberdi idazle eta bertsolariak, zeinaren obraren zati handi bat memoria- eta entzute-ariketetan datzan, eta Beñat Sarasola idazle eta poetak hartuko dute parte. Solasaldi honetan millenial plazera hartuko dute hizpide, ezegonkortasun egoeretan gozatzen ikasi duen belaunaldiaz mintzo, ironia, samurtasuna eta errebeldia helduleku dituztelarik. Jarduera hau 11:30ean hasiko da.

Ondoren, 13:30ean, ‘El placer de la melancolía’ (‘Melankoliaren plazera’) hizketaldiari emango dio bide euskal kulturaren leihoak, Miren Iza (Tulsa) musikaria eta Espainiako Poesia Sariaren irabazle Miren Agur Meabe idazlearen eskutik. Bien arteko solasak tristeziari helduko dio, biek ere tristezia, desengainua eta galdera existentzialak zintzotasunez eta sentiberatasunez landu baitituzte nork bere lanetan.

Azkenik, 17:45ean, amaierako ekitaldi gisa, plazer queerrei buruz ariko dira Telmo Irureta, 2023ko aktore berri onenaren Goya sariduna, Jose Mari Goenaga, ‘Maspalomas’ film estreinatu berriaren zinema-zuzendari zaildua, eta Itxaro Borda eleberrigile eta poeta. Hiru sortzaileok desira, askapena, eta ezberdintasuna hartuko dituzte mintzagai.

Euskal kultura garaikidearen bisai anitzak

Eñe jaialdiak programatu dituen katalanezko eta galizierazko literaturei dagozkienekin bat eginda, antolakuntzak hizkuntza-aniztasunarekiko duen apustua indartzen du euskal literaturaren leihoak. Hala, egitarauak Espainiako kultura- eta hizkuntza-aniztasunarekiko Eñek duen konpromisoa berresten du. Euskal ahotsen ekarpenek, halaber, jaialdiaren ertzak biderkatu asmo dituzte, literatura musikarekin, zinemarekin eta umorea eta egunerokotasuna kontatzeko narrazio-molde berriekin solasean jarriko baititu euskal literaturaren leihoak.

Plazera, guztion lengoaia komun hori

Jesús Ruiz Mantillaren arte-zuzendaritzapean, aurtengo leloa ‘Placer, una reivindicación subversiva’ (‘Plazera, aldarri iraultzaile bat’) du Eñe jaialdiak, eta gozamena eta askatasuna literaturatik, norbere identitatetik eta esperimentazio artistikotik hausnartzeko aukera eskaintzen du.

Euskal literaturari buruz gehiago jakin nahi duzu? Deskargatu doan liburu hau.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu
?>