Bologna Book Fair: Basque. Books.
Euskara. Kultura. Mundura.
-
21Mar 202224Mar 2022Bolonia
Boloniako Haurrentzako Liburu Azokaren 59. edizioak euskal idazle eta ilustratzaileen lanak jasoko ditu Basque. Books. markapean. Euskal Irudigileak, Gremio de Editores de Euskadi eta Euskal Editoreen Elkarteak Etxepare Euskal Institutuarekin batera sustatzen duten lanari esker, euskal sortzaileen lana jasotzen duen katalogoa kontsultagarri izango da, eta zenbait idazle eta ilustratzailek ere parte hartuko dute azokaren egitarauan.
1963an sortu zenetik, urtero antolatzen da azoka italiarra. Haur literaturan erreferentziazkoa da; 1400 erakusmahai eta 30.000 bisitari inguru biltzen dira bertan urtero. Haur literaturaren sorkuntzan eta argitalpenean diharduten profesional guztien topagunea da, eta, batez ere, egile-eskubideak erosteko eta saltzeko erabiltzen da.
Antolatzen duten egitarauak Italiaraino eramango ditu, bestalde, idazle eta ilustratzaile ugari, erakusketak, hitzaldiak eta aurkezpenak egiteko. Hilaren 22an, han izango dira Elena Odriozola, Iñigo Astiz, Juan Kruz Igerabide, Elkar Argitaletxea eta Maite Mutuberria, batetik, eta Bea Aparicio, Janire Orduna eta Itziar Madariaga bestetik.
Maite Mutuberria, Sandra Garayoa eta Maite Rosendek masterclass-a egingo dute, eta euren portfolioen inguruan ariko dira Mentxu Fernández eta Iban Galan eta Asier Iturralde eta Elisabeth Pérez.
Nabarmentzekoa da Elena Odriozolaren ilustrazioa ageri dela azokan parte hartuko duten ilustratzaileak jasotzen dituen 2022 Illustrators Annual katalogoaren azalean, eta bere lanak artistaren bakarkako erakusketan aurkeztuko direla.