Buenos Aireseko Nafar Etxea aurrez aurreko euskara eskolak ematen hasiko da Etxepare Euskal Institutuarekin lankidetzan

2023/08/08

Euskara. Kultura. Mundura.

Abuztuaren 5ean Buenos Airesko Nafarroako Etxeak eta FEVAk (Federación de Entidades Vasco Argentinas) lankidetza hitzarmena firmatu zuten Etxepare Euskal Institutuaren Euskara Munduan programaren baitan Buenos Aireseko Nafarroako Etxean aurrez aurreko euskara eskolak ematen hasteko helburuarekin. 

 
Orain arte, klaseak urrutitik egiten ziren, modu telematikoan. Orain lehen aldiz klaseak bertatik bertara izango dira eta etxe nafarraren egoitzan eskainiko dira. Aurreneko eskola pasa den larunbatean, abuztuaren 5ean, hasi zen, 14:00etan. inaugurazio ekitaldian Nafar Etxeko lehendakari Daniel Ramondegui, FEVAko lehendakari Arantxa Anitua eta Etxepare Euskal Institutuaren Euskara Munduan Programaren irakasle den Arrecifeseko Sebastian Amaya bertaratu ziren, beste agintari eta ordezkari batzuekin batera. Saioak abendura arte luzatuko dira. 

 
Etxepare Euskal Institutuaren Euskara Munduan programak mundu osoko euskal giza kolektibitateen artean euskararen ezagutza bultzatzea du helburu. Euskal Etxeetan ematen diren eskolak diruz lagundu eta materialez hornitzeaz gain, euskara irakasleen trebakuntza sustatzen da programa honen bidez. Izan ere, giza baliabideei dagokionez, Euskal Etxeek askotan beren irakasle taldea trebatu beharra dute eta hori erronka handia da.  Etxepare Euskal Institutuak bultzatuta, munduko 35 unibertsitatetan ematen dira euskara eta euskal kulturako klaseak eta 1400dik gora dira euskal ikasketekin loturiko gaietan matrikulatuta daudenak. 

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu