«Ça colle au basque»ren lehen argitalpen-emaitza: Itxaro Borda, frantsesez
2026/10/07
Itxaro Bordaren Euri zitalari esker eleberriaren frantsesezko itzulpena aurkeztu da Baionan, «Ça colle au basque» itzulpengintza-deialdiaren lehen argitalpen-emaitza.
Euskara. Kultura. Mundura.
Etxepare Euskal Institutuak «Ça colle au basque» programaren baitan euskarazko literatura frantsesera itzuli, argitaratu eta zabaltzeko abian jarritako itzulpengintza-deialdiaren lehen argitalpen-emaitza aurkeztu da gaur Baionan: Itxaro Bordaren Euri zitalari esker eleberriaren frantsesezko edizioa, Là où tombe la pluie sale. Patxiku Urangak itzuli du lana, eta Cairn argitaletxeak eman du argitara, ZUBIAK — Voix basques en français bilduma berriaren lehen titulu gisa.
Euskal literaturaren itzulpena eta nazioarteko zirkulazioa sustatzea Etxepare Euskal Institutuaren jarduera-ildoetako bat da. Horretarako, hainbat laguntza-lerro garatzen ditu, literatura-laginen itzulpenetik hasi eta obra osoen itzulpen, argitalpen eta zabalkundera arte. Horren barruan kokatzen da «Ça colle au basque: itzulpena» deialdia, euskarazko lanak frantsesera itzuli, argitaratu eta zabaltzea sustatzen duena, eremu frankofonoko argitaletxeekin lankidetzan. Helburua da euskal literaturari nazioarteko argitalpen-merkatuan bide berriak irekitzea eta irakurle berriengana iristea. EIZIEren datuen arabera, euskaratik frantsesera zuzenean itzulitako azken narratiba-lana Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua izan zen, 2018an. Frantsesez argitaratutako euskarazko narratiba-lan berriena, berriz, Miñan da (Petit frère : Miñan, 2024), baina kasu horretan gaztelania erabili zen zubi-hizkuntza gisa.
Itxaro Bordaren eleberria, lehen argitalpen-emaitza
Deialdi horren lehen argitalpen-emaitza gaur aurkeztu da Baionako Euskal Museoan. Aurkezpen ekitaldian Irene Larraza, Etxepare Euskal Institutuko zuzendari nagusia, eta Imanol Otaegi, euskal kultura sustatu eta hedatzeko zuzendaria, izan dira, Cairn argitaletxeko ordezkariekin, Itxaro Borda idazlearekin eta Patxiku Uranga itzultzailearekin batera.
Là où tombe la pluie sale Itxaro Bordaren Euri zitalari esker eleberriaren frantsesezko bertsioa da. Jatorrizko lana Susa argitaletxeak plazaratu zuen 2021ean. Eleberriak Amaia Ezpeldoi detektibearen ikerketa du abiapuntu: Maddi izeneko emakume gazte baten desagerpenaren arrastoari segika, istorioak Donibane Garazi, Bordele, Baztan eta Landetako oihanak zeharkatzen ditu, eta familia-isiltasunak, mendekotasun-harremanak eta emakumeen aurkako indarkeria ditu hizpide.
Argitalpen honekin, Cairn argitaletxeak ZUBIAK — Voix basques en français bilduma berria ere jarri du abian. Frantsesera itzulitako euskal literaturari eskainitako epe luzeko argitalpen-proiektua da, euskaraz irakurtzen ez duten irakurleei hizkuntza horretan sortutako literatura hurbiltzeko asmoz. Bildumak egile eta idazkera askotarikoak bildu nahi ditu, eta Itxaro Bordaren tituluaren ondoren, Cairn Bernardo Atxagaren Etxeak eta Hilobiak eleberriaren frantsesezko argitalpena prestatzen ari da 2027rako.
Euskal kultura eremu frankofonoan sustatzeko estrategia
Itzulpengintza-deialdia «Ça colle au basque» egitasmo zabalagoaren parte da. Etxepare Euskal Institutuak bultzatutako programaren helburua da euskara, euskal kultura eta sorkuntza lurralde frankofonoetan ezagutarazi eta hedatzea, bertako kultura-eragileekin lankidetza iraunkorrak eraikiz eta euskal sortzaileen, obren eta edukien presentzia sendotuz.