Euskal literatur lanak itzultzeko bi deialdi ireki
2026/03/23
Euskara. Kultura. Mundura.
Euskal literaturaren itzulpena eta nazioarteko zirkulazioa sustatzeko asmoz, bi deialdi ireki berri ditugu. Deialdi hauen bitartez, euskal literaturaren nazioartekotze-prozesuaren fase guztietan eragin nahi dugu eta eragileei (idazle, itzultzaile, editore, argitaletxe) prozesu osoan zehar lagundu, kanpoko argitaletxeen interesa pizteko lehen laginetik hasita, obra horien nazioarteko hedapenera arte.
Hauek dira argitaratu ditugun bi deialdiak eta horien ezaugarriak.
1. AT! Itzulpena: literatura laginak (2026)
Deialdi hau euskaraz idatzitako literatur lanen pasarte edo laginen ingelesezko edo frantsesezko itzulpenak egitera bideratua da. Itzultzaile, argitaletxe eta agenteei literatura-lanak nazioarteko editore potentzialei aurkezteko materiala prest edukitzen laguntzea du xede.
Guztira 8.000 euroko aurrekontua du eta idazle, itzultzaile, argitaletxe eta agenteek eskatu dezakete. Laginek ezingo dute jatorrizko lanaren % 15 gainditu. Epea 2026ko abenduaren 31ra arte egongo da zabalik.
2. Ça Colle au Basque: itzulpena (2026)
Deialdi hau euskal kultura frantses hizkuntz-komunitatean sustatzeko helburu duen Ça colle au basque egitasmoaren baitan plazaratzen da, eta bertan, euskaraz idatzitako lanen frantseserako itzulpena, argitalpena eta zabalkundea babesten da.
Euskal Herriko nahiz atzerriko argitaletxe, idazle, itzultzaile edo agenteek aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak, eta prozesua hiru fasetan gauzatuko da:
- Hautatutako pertsonek eremu frankofonoko argitaletxeak aztertuko dituzte
- Lanaren lagin bat itzuliko da (beharrezkoa bada)
- Argitalpen-konpromisoa gauzatuko da argitaletxearekin
Bigarren urtea du deialdi honek eta ekainaren 30era arte egongo da zabalik.