Cervantes Institutuak euskal zinea zabalduko du munduan zehar

Euskara. Kultura. Mundura.

2020-02-17

Instituto CervantesEtxepare Euskal Institutuak eta Euskadiko Filmategiak lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur. Euskara eta euskal kultura, eta  bereziki euskal zinema, atzerrian dauden Cervantes zentroen bidez zabaltzeko helburua du akordioak.

Hitzarmena Instituto Cervanteseko zuzendari Luis Garcia Monterok, Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Irene Larrazak, eta Euskadiko Filmategiko (Euskal Herriko ikus-entzunezko ondarea zaintzeko eta zabaltzeko ardura duen erakundea) zuzendari Jose Antonio Fernandezek sinatu dute. Jarduteko Protokolo Orokorrak hiru aldeen arteko lankidetzarako oinarriak ezartzen ditu, ekimen posibleak elkarrekin garatzeko, "bereziki hizkuntza eta kultura ezagutzea, sustatzea eta zabaltzea helburu dutenak, bai euskaraz bai gaztelaniaz".

Etxepare Euskal Institutuaren egoitzan egindako sinadura-ekitaldian, erakunde honetako zuzendariak esan du Instituto Cervantesekin partekatutako proiektu honetan ilusioz sartzen direla, "80 hiritan baino gehiagotan dauden zentroen sarea, zalantzarik gabe, euskal zinemarentzat plataforma aparta baita", eta horrekin "nazioarteko audientzia berriak" lortu ahal izango baititu.

"Artxibo filmiko gisa egiten dugun lana iragana eta etorkizuna da, oroimena eta artea, baina transmisio plataformak ere behar ditu, gaur aurkeztu duguna bezalakoak", adierazi du halaber Euskadiko Filmategiko arduradunak.

Instituto Cervantes eta Etxepare Institutua lehenagotik elkarlanean ari ziren euskal zinema eta kultura zabaltzeko, 2011n sinatutako lankidetza-hitzarmen bati esker. Hemendik aurrera, Filmategia ere batzen da, partaide bat gehiago. “Nire prestakuntzan bidelagun izan ditudan Gabriel Aresti edo Blas de Otero bezalako poeta handiek lotzen naute euskal kulturarekin. Hizkuntza eta kultura honen aberastasuna guztion ondare demokratikoaren indargune bat gehiago izango da”, esan du García Monterok.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu