Circuit-Est: Nagore Tamayo
Euskara. Kultura. Mundura.
-
25Mai 202617Uzt 2026
Montreal
Nagore Tamayo dantzari, koreografo eta sortzaile tolosarrak sorkuntza-egonaldia egingo du Quebeceko Montreal hirian, maiatzaren 25etik uztailaren 17ra bitartean. Egonaldia Montrealgo Circuit-Est dantzagune eta koreografia zentroan garatuko du, eta bere Nolako Zura proposamen eszenikoa garatzen jarraitzeko aukera emango dio. Zehazki, gaur egun formatu laburreko zirriborro gisa aurkezten den lana formatu luzeko pieza bilakatzeko baliatuko du egonaldia.
Nolako Zura
Nolako Zura dantza garaikidea, euskal kantu tradizionala eta soinu elektronikoak uztartzen dituen proposamen eszenikoa da. Ama-alaba harremana abiapuntu hartuta, inozentziaren galera eta heldutasunerako bidea aztertzen ditu, interprete bakar baten bidez. Lanak elkarrizketa bat sortu nahi du hainbat mailatan: lengoaia artistikoen artean, familiako emakumeen artean eta pertsona bakoitzaren baitan bizi diren haurraren eta helduaren artean.
Piezarako propio sortutako euskarazko kantuek eta heldutze-prozesuarekin lotutako mugimendu-lengoaiak osatzen dute proposamenaren ardatza. Helburua da lana Euskal Herrian zein nazioartean aurkeztea, euskal ondarearen eta praktika artistiko garaikideen arteko elkarrizketa sustatuz.
Proiektua 2024an sortu zen La Faktoria Choreographic Center-en, ikerketa-prozesu gisa. Harrezkero hainbat egonaldi artistikotan garatu da, eta gaur egun formatu laburreko pieza baten moduan aurkezten da. Montrealgo egonaldiak lanaren dimentsio artistikoa eta eszenikoa sakontzeko aukera emango du, aldi berean lurraldeen arteko truke artistikoa sustatuz eta euskal kultura ikuspegi garaikide batetik berrinterpretatuz.
Nagore Tamayo
Nagore Tamayo (Tolosa, 2000) dantzaria, koreografoa eta sortzailea da. Dantzertin Koreografia eta Interpretazioa ikasi ondoren, La Faktoria Choreographic Center-en osatu du bere ibilbidea. Interprete gisa hainbat koreografo eta konpainiarekin lan egin du, besteak beste Laida Aldaz, Carmen Larraz, Ella Meeusen, Kukai Dantza eta Eidaberekin, eta aldi berean bere sorkuntza propioak garatzen ditu. Bere lanek gorputzaren, ahotsaren eta diziplinartekotasunaren arteko harremanak dituzte ardatz.
Circuit-Est zentroan egonaldi artistikoa
Egonaldi hau Etxepare Euskal Institutuak eta Quebeceko Conseil des arts et des lettres du Québec-ek (CALQ) sustatzen dute, Dantzerti Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako Eskolarekin lankidetzan. Programa Montrealgo Circuit-Est zentroarekin elkarlanean garatzen da, eta dantza garaikidearen esparruan ikerketa eta sorkuntza sustatzea du helburu.
Ekimen hau Etxepare Euskal Institutuaren Ça colle au basque egitasmoaren baitan kokatzen da. Frankofoniaren eremuan euskara eta euskal kultura sustatzea helburu duen programa estrategiko horren bidez, Institutuak euskal sortzaileen nazioarteko mugikortasuna, lankidetza artistikoak eta kultura-trukeak bultzatzen ditu.