KOMETAK sorkuntza-egonaldien lehen itzulia: Damaris Pan Bordelen, Mathias Malefond Uharten

2026/06/04

Damaris Pan euskal artista Bordeleko Zébra3 zentroan izan da apirilaren 13tik maiatzaren 24a, eta Matthias Malefond Uharte Arte Garaikideko Zentroan, apirilaren 6tik maiatzaren 15era arte. 

Euskara. Kultura. Mundura.

KOMETAK proiektuaren arte plastiko eta ikusizkoen eremuko lehen egonaldi artistikoak amaitu dira. Lehen edizio honetan, Damaris Pan artista Bordeleko Zébra3 zentroan izan da egonaldia egiten, eta Matthias Malefond sortzaileak Uharte Arte Garaikideko Zentroan egin du berea. Sei astez, bi artistek ikerketa, esperimentazioa eta sorkuntza artistikoa uztartu dituzte, eta egonaldiaren amaieran beren lan-prozesuak eta garatutako proiektuak aurkeztu dituzte.

Damaris Panek Bordelen garatutako proiektuak ‘Qu´est-ce que vous voulez me demander avec cette question si compliquée ?’ (´Zer galdegin nahi didazu hain konplexua den galdera horrekin?´) du izenburu. Zeramikatik abiatuta, ogia hartu du ikergai eta sorkuntza-ardatz gisa; eguneroko objektu sinple eta ezaguna izan arren, esanahi historiko, sozial eta kultural ugari biltzen dituen elementua baita.

Artistak gres zuriz egindako hamabi ogi-barra sortu ditu, eta haietatik begiak agerrarazi. Itxuraz atseginak eta ia xaloak diren formek anbibalentzia bilatzen dute: etxekotasunaren eta tradizioaren iruditeria aktibatzearekin batera, identitatearen, boterearen eta memoria kolektiboaren inguruko irakurketa konplexuagoak ere iradokitzen dituzte.

Matthias Malefondek, bere aldetik, soinua, eskultura eta instalazioa uztartzen dituen ikerketa garatu du Uharte Zentroan. Egonaldiaren emaitza gisa, Euskal Herriko kantutegi tradizionalen grabazioak, klarinetea eta bestelako soinu-geruzak uztartzen dituen instalazio plastiko eta soinuzkoa ondu du.

Bere lanak ez du tradizioa ondare finko gisa ulertzen, etengabe eraldatzen diren kontakizun eta aztarna multzo gisa baizik. Horrexegatik, ez du soinua dokumentazio soil bilakatu asmorik; lurralde bihurtu nahi du. Materialen, arkitekturaren eta soinuaren arteko elkarrizketaren bidez, memoria, transmisioa eta kultura-adierazpenen zirkulazioa aztertzen ditu proiektuak.

Mugaz gaindiko proiektuaren baitan egindako egonaldi hauek ez dira soilik sorkuntza artistikorako espazio izan. Aldi berean, topaketarako, elkarrengandik ikasteko eta testuinguru berriekin harremanak ehuntzeko aukera eskaini dute. Hain zuzen ere, hori da Etxepare Euskal Institutuak, Uharte Arte Garaikideko Zentroak eta Zébra3-k sustatutako KOMETAK proiektuaren helburu nagusietako bat: Euskal Herriko eta Akitania Berriko sortzaile eta kultur eragileen arteko loturak sendotzea, eta sorkuntza garaikidearen zirkulazioa eta lankidetza mugaz gaindi sustatzea.

KOMETAK proiektua Akitania Berria Euskadi Nafarroa Euroeskualdeak diruz laguntzen du, eta horrek sendotu egiten du proiektuaren izaera estrategikoa mugaz gaindiko kultura-lankidetzako politiken baitan. Uharte Arte Garaikideko Zentroa eta Zébra3 erakundeen parte-hartzearekin abiatu den lehen edizioarekin, Kometak etorkizunera begirako bokazioz jaio da: jarraipena izateko, beste diziplina artistiko batzuetara zabaltzeko eta bazkide berriak gehitzen jarraitzeko asmoz, lurraldean kultura-lankidetzako sare gisa sendotzeko helburuz. 

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu
?>