Montrealgo Circuit-Est koreografia zentroan egonaldi egiteko deialdia, zabalik
2026/03/06
Euskara. Kultura. Mundura.
Etxepare Euskal Institutuak eta Quebeceko Conseil des Arts et des Lettresek (CALQ), Dantzerti Euskadiko arte eszenikoen goi eskolarekin batera, Montreal hirian dantza-ikerkuntza eta -sorkuntza egonaldirako deialdia ireki dute. Egonaldia Montrealgo Circuit-Est dantza-koreografia zentroarekin lankidetzan gauzatuko da.
Deialdi honen bitartez, dantzari-koreografo bat hautatuko da, ikerkuntza Circuit-Est-en egin dezan. Egonaldian aukeratua izateko, ezinbesteko baldintza dira, bateko, gehienez ere 35 urte izatea, eta besteko, Dantzertin graduatua izatea.
Egonaldiaren iraupena 6 eta 8 aste bitartekoa izanen da, hautatutako pertsona onuradunarekin zehaztuko baitute egonaldiaren antolatzaileek, eta maiatz bukaeratik uztail hasiera arte gauzatuko da. Ikerkuntza egonaldiaren egutegia, ordutegiak eta programa CALQ-ek eta Circuit Est-ek dantzari-koreografo hautatuarekin kudeatuko dute. Dantzari-koreografo onuradunak, bestalde, Festival TransAmériques jaialdiko jarduera eta topaketa profesionaletan parte hartzeko aukera izango du, maiatzaren 28tik ekainaren 10era bitarte.
Egonaldi programa honek ondoko helburu hauek ditu: artistak babestu eta sustatzea, sorkuntzarako ingurune egokia eta lanak ekoizteko eta zabaltzeko bitartekoak jarrita; kultur ingurune berri eta bizigarri baten bidez, koreografoen berritze artistikoa sustatzea; artisten arteko ikuspegien elkartrukea sortzea eta harreman iraunkorrak sortzen laguntzea; Euskal Herriko artisten lana eta ibilbidea nazioartean sustatzea; eta, arte-ikerketa, -sorkuntza, -ekoizpena eta -hedapenerako sare berriak garatzea.
Ikerkuntza-egonaldi honetan parte hartu ahal izateko, proposamenak aurkezteko epea martxoaren 27an itxiko da, 15:00etan, eta honako esteka honetan aurki daitezke deialdiaren oinarriak.
Ça colle au basque
Circuit-Est zentroarekin lankidetzan egiten den egonaldi-programa hau Quebec-Pays Basque lankidetza-programaren baitan 2020an abiatu bazen ere, gaur egun Etxepare Euskal Institutuaren ‘Ça colle au basque’ egitasmoaren babespean gauzatuko da. ‘Ça colle au basque’ egitasmoak, hain zuzen, Euskal Herriko eta 321 milioi hiztun dituen frankofonia osoko kultur eragile, sortzaile eta kulturgileen arteko hartu-emana eta elkarlana sustatzea eta euskal kultura ezagutaraztea ditu helburu.